Zestoako baserritarrekin azoka antolatzeko asmoa du udalak

Ane Olaizola 2013ko apirilaren 25a

Orioko azokara joaten den saltzaileetako bat (Aiora Larrañaga/Hitza) Zestoako Udaleko Baserri Sailak baserritarrentzako informazioa banatu du etxez etxe, eta herri bideak erabiltzeko, traste zaharrak eta silo bolak biltzeko eta obrak egiteko lizentzien inguruko nondik norakoei buruz azalpenak emanez. Horrez gain, herriko baserritarrekin azoka berezia antolatzen hasteko asmoa azaldu du: «Baserri Sailean aspalditik dugun ideia izan da; izan ere, garai batean baserritarrek egiten zuten azoka, baina indarra galtzen joan zen, desagertzeraino. Orain, berreskuratzea nahi dugu», adierazi du udalak. Hala, ekimena Urkomerekin elkarlanean abiatzeko asmoa du udalak, eta horretarako deialdia zabaldu du; azokan parte hartu nahi dutenek 943-14 70 10 telefonora deituta edo ingurugiro@zestoa.net helbidera idatzita jarri daiteke harremanetan. Hasiera batean, azoka hilero egiteko asmoa dute, baina herritarren erantzunaren arabera erabakiko du aurrera egin ala ez. Hala eginez gero, abuztua baino lehen hastea aurreikusten du. Silo boloen egutegia martxan Bestetik, ganaduentzako belarra silo boletan biltzeko zerbitzua martxan jarri dute beste urte batez udalak eta Urkomek. Hileko bigarren asteartetan jasoko dituzte, eta plastikoak bezperan  utzi behar dituzte. Horrez gain, landa bideei dagokienez, gogoratu dute egurra ateratzeko eta garraiatzeko fidantza bat ordaindu behar dutela. Era berean, hainbat obra egin behar dituztenean udal baimena behar dutela gogoratu du; informazio gehiago udalera jota aurkitu daiteke.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide