Hilaren hasieratik sailak banatzen eta lurra egokitzen ari dira Iraetan (Nerea Uranga/Hitza)
Zestoako Iraeta auzoan baratza ekologikoak jartzeko lanak aurrera doaz. Hasiera batean 39 sail jarriko dituzte, herritarrek lurra landu eta baratzak kudeatu ditzaten, modu ekologikoan. Horretarako prozesua aurrez ezarritako epeen barruan ari dira egiten, momentuz, eta hala jarraituz gero, ekainerako martxan izatea aurreikusten du Zestoako Udalak. Bien bitartean, Kimu Bat enpresa lurra egokitzen ari da hilaren hasieratik, eta Zestoako Udalak aurreikusi du maiatzerako lanak amaituta izatea. Baratzak banatzen, ur edangarria bideratzen eta guztiena izango den txabola egiten ari dira azken egunetan.
Udalak joan zen martxo amaieran onartu zuen baratze ekologikoen kudeaketarako behin-behineko araudia. Hori hala, maiatzaren 11ra arte helegitea aurkezteko aukera dute herritarrek. Epea amaitutakoan jarriko dute indarrean araudia, eta udala orduan hasiko da izena eman duten herritaren baldintzak aztertzen. Izan ere, udalaren arabera, 40 zestoarrek baino gehiagok agertu dute baratzak kudeatzeko interesa, baina horretarako zenbait baldintza bete behar dute, araudian zehazten den bezala; hala nola, gutxienez sei hilabetez Zestoan erroldatuta egon behar dute, eta adin nagusikoak izan behar dute. Halaber, udalerrian ezin izango dute beste lurren bat jabetzan edo errentan eduki, eta bizikidetza unitate bakoitzak gehienez baratza bat eduki ahal izango du. Halaber, langabetuek lehentasuna izango dute baratzak eskuratzerako orduan .
Ordenantzak baratzeen erabilera ere arautzen du. Urtebeteko epea izango dute baratzak kudeatzeko, eta gehinez zortzi urtez eduki ahal izango dituzte. Halaber, nekazariek ezin izango dute negutegirik jarri sailetan, ezta etxolik edo txorimalorik ere, eta debekatua izango dute baratzeko laborantzaren zatiak edo belardiak erretzea, traktoreak erabiltzea edota animaliak edukitzea. Baratzak kudeatzeko lizentzia, gainera, ezin izango diote beste inori utzi.
Partzela eskuratzen dutenek aurretik 20 euroko fiantza ordaindu beharko dute, eta urteko kuota 50 eurokoa izango da. Prezioaren barnean izango dute ur kontsumoa. Erabiltzaileek, bestetik, modu ekologikoan ekoiztu beharko dituzte barazkiak, eta, beraz, ezin izango dute produktu kimikorik erabili. Horretarako, ikastaro bat jasoko dute nekazaritza ekologikoaren inguruan. Hainbat betebehar ere izango dute kideek. Elkartea sortu beharko dute, eta baratzetatik ateratako produktuak norberaren kontsumorako izan beharko dute.
Aldaketak proiektuan
Udalak egitasmoa martxan hasi zuenetik, hainbat aldaketa egin du. Izan ere, hasiera batean Kutxa Ekogunea egitasmoan parte hartzekoa zen, baina azkenean udalak bakarrik eramango du aurrera, erakundearen diru-laguntzarik jaso ez duelako. «Ikusi dugu herritar askok dutela interesa, eta horregatik erabaki dugu aurrera egitea merezi duela», adierazi du udalak. Tarte horretan, hainbat bilera egin dute udal ordezkariak izena eman dutenekin. Martxo amaieran elkartu ziren azkenekoz, eta orduan proiektuaren aldaketak eta baldintzak plazaratu zituzten.