Zestoarrek ezagutzak truka ditzaten, saioak antolatu nahi ditu udalak

Ane Olaizola 2013ko urt. 23a, 16:40

Saioak ez dira diruz ordainduko (Ane Olaizola/Hitza) Denbora bankuen filosofia oinarri hartuta, herritarren ezagutzak trukatzeko ikastaroak jarriko ditu abian Zestoako Udalak.  Dirutan oinarritzen ez den zerbitzuen trukea da denbora bankua. Norberak bere jakintzaren araberako zerbitzuak eskaintzen ditu, beste batzuek jaso ditzaten. Truke horretatik abiatuta, herritarrek dagoeneko egin ditzakete proposamenak udalaren webgunean (www.zestoa.net) eta Facebook-eko atarian.«Zestoarrek zertan diren abilak esan dezakete. Hala, ikastaroa emateko aukera izango dute, eta horren truke zer ikasi nahiko luketen adierazi behar dute», adierazi du udalak. Ikastaroetan edonork har dezake parte, eta prezio sinbolikoa jarriko diete, eta jasotako dirua materiala erosteko edota helburu sozialetarako erabiliko dutela jakinarazi dute udal ordezkariek. Jasotako proposamenen arabera zehaztuko ditu ikastaroak udalak. Aukerak askotarikoak izan daitezkeela aurreratu du, baina horretarako herritarren parte hartzea beharrezkoa da. Ekimena kulturen arteko trukea sustatzeko ere egokia dela uste dute antolatzaileek. «Etorkinei ere proposa diezaiekegu parte hartzeko, eta, hala, hizkuntzak edota gastronomia truka ditzakegu». «Oso barneratuta dugu zerbitzuak diruaren truke jasotzea»,, dio udalak. Denbora bankua alternatiba egokia dela deritzo udalak, are gehiago egungo egoeran: «Langabezian gero eta pertsona gehiago daude, eta Lanbiden eskaintzen dituzten ikastaroetan izena ematea zaila izaten da, plaza mugatuak izaten direlako». Horrez gain, Zestoa mailan ikastaroak jasotzeko aukera «oso txikia» dela dio udalak, eta zestoarraj inguruko herrietara mugitzea saihestu nahi dute ekimenarekin. «Herrian bertan askotariko gaiez ikastaroak jasotzeko aukera eman nahi dugu». Denbora bankua aurrerago Langabeziaren aurrean herritarrak motibatzea ere badu helburu Zestoako Udalak. Dena den, halako egitasmoak edozein garaietan aproposak direla uste du. Hori hala, egitasmoak harrera ona izango balu, denbora bankua herrian martxan jartzeko aukera legokeela adierazi du Zestoako  Udalak.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide