Irla fisikoak, barne irlak, perretxikoak eta ezinezkoak

Onintza Lete Arrieta

Atzotik zabalik da Ramon Serras Nazioarteko 34. Argazki Mostra Sanz Enea kultur etxeko erakusketa aretoan. Arkitektura protagonista duten argazkiak, emakumeen erretratuak, naturako elementuak nabarmentzen dituzten argazkiak nahiz Kubako kolore biziak biltzen dituen lanak aurki daitezke erakusketan. 

Atzo iluntzean inauguratu zuten Ramon Serrasen Omenezko Nazioarteko 34. Argazki Mostra Sanz Enea kultur etxean. Ohi bezala, lau argazkigile gonbidatu zituzten beren lanak erakusketa aretoko hormetan paratzera, eta bertan izan ziren haietako hiru, beren lanaren berri ematen: Enmanuel Castells kubatarra, Irene Larrañaga azpeitiarra eta Jose Angel Amutxastegi donostiarra. Jesus Rollan amurriotarrak kale egin zuen, baina bideo bat igorri zuen erakusketan jarri zituen lanak azalduz, eta bideo hori erakutsi zuten mostra antolatzen duten Zarauzko Argazkizale Elkarteko kideek. 

Lau lanak zeharo desberdinak dira, baina egile kubatarrak nabarmendu zuenez, "konexioa hor dago, kasualitateetan baino, kausalitateetan sinesten dugulako". Erakusketako aurreneko gelan daude ikusgai, hain zuzen, Castells kubatarraren argazkiak. Kolorez beteak, biziak, bere herrialdeko kaleak eta jendea erakutsi ditu lanean, baita paisaiak ere. Hitzartzean aipatu zuen bere irudimena bere buruan hasi eta amaitzen dela, eta hori argazkietara ekartzeko gaitasunik ez duenez, "nire erakusketa-kideek ez bezala", kolorez betetako argazkiekin ordezkatzen duela irudimen falta. Zaragozan (Espainia) bizi den kubatarra oso eskertuta agertu zen bere lana Zarautzen erakutsi ahal izateagatik. 

Ondoko gelan, bigarren espazioan, Larrañaga azpeitiarraren lana dago ikusgai, Insuladas erakusketa. Emakumeak dira protagonistak zuri beltzeko argazki artistikoetan. "Bakarrik bizitzea erabaki duten Formentera irlako emakumeen istorioak kontatu ditut. Irla bat dira, zubi asko dituzten arren". Lana ez da berria, baina liburu bat ontzen ari dela azaldu zuen lanbidez kazetaria den argazkilariak. 

Hirugarren erakusketa Rollanena da. Bere gaia oso zehatza da: perretxikoak, tximeletak eta loreak ageri dira argazkietan. Pastel tonu nabarmena duten argazkiak ondu ditu Rollanek, eta konposizioari garrantzia ematen diola azaldu zuen bideoz egindako hitzartzean. 

Erakusketaren amaierako gelan daude, berriz, Amutxastegiren argazkiak. Jendea erretratatu du espazio zabaletan, baina ez dira edozein espazio edo eraikin,  arkitektura lan zoragarri eta bereziak baizik. Pertsonak mugimenduan daude, eskalatzen, bizikletan, oinez nahiz zintzilik ageri dira, baina eraikinak dira protagonista, eta jendea, txindurrien tamainako elementu mugikorrak. Argazkilariak onartu zuen bere lana berezia dela, eta esan zuen pozik geldituko litzatekeela ikusleengan "emozio edo hausnarketaren bat" eraginez gero. 

Ia bi hilabetez zabalik

Inaugurazioa amaitzeko, argazkizale elkarteak oroigarri bana eman zien argazkilariei, baita lore sorta ere Ramon Serrasen alargunari, Celina Gorostizagoizari. 

Mostra urtarrilaren 24ra arte bisitatu ahal izango da; egunero, 18:00etatik 20:00etara. Nolanahi ere, Gabonetako egun berezietan itxita egongo da, hala nola abenduaren 24, 25 eta 31n eta urtarrilaren 1ean eta 6an.

Gaurko ametsak biharko albiste izan daitezen, beharrezkoa dugu zure babesa.


Egin bazkide