Erretiroa hartu duten merkatariek piztu dituzte Gabonetako argiak

Enara Ariznabarreta

Gabonetako argien piztea egin zuten atzo arratsaldean Musika Plazan. Jende ugari bildu zen kioskoaren aurrean eta Hotz Zarautzek banatutako txokolate solidario beroaz gozatzeko aukera izan zuten.

Abenduan sartzeko lau egun besterik falta ez direnean, Gabonetako argiak piztu dituzte zituzten atzo Musika Plazan. Herritarrak kiosko aurrera hurbildu ziren, eta pixkanaka-pixkanaka betetzen joan zen. Udaleko Turismo sailaren eta Murkil merkatari elkartearen ekimenez, aurten erretiratutako lau merkatarik piztu zituzten herriko Gabonetako argiak.

Zarauzko merkataritzan egindako ibilbide luzea eta oparoa eskertzeko, bizi osoa Zarauzko dendetan lanean aritu diren Eva Lopez (Pedrosa), Anabel Garzia (JM Jostailuak), Elisabeth Aldabaldetreku (Eli oinetakoak) eta Jose Miguel Larrañaga (Benetako Berezia) arduratu ziren botoia sakatzeaz. Herritarren laguntzarekin egin zuten atzera kontaketa, eta 18:00etan piztu ziren argiak. Azken urteetan bezala, Hotz Zarautzek errefuxiatuei laguntzeko txokolate solidario beroa banatu zuen, eta Schola Cantorum koruak arduratu zen plaza musikaz betetzeaz. Xabier Txurruka alkateak hurbildu ziren herritar guztiei eskerrak eman zien, baita Hotz Zarautzi beste urte batez txokolate solidarioa eskaintzen aritzeagatik.

Gaurko ametsak biharko albiste izan daitezen, beharrezkoa dugu zure babesa.


Egin bazkide