ZKE Halterofiliak emaitza bikainak lortu ditu asteburuan Ourensen jokatutako Espainiako Junior Mailako Halterofilia Txapelketan. Zarauzko klubak zazpi kirolari aurkeztu zituen lehiaketan, bost emakumezko eta bi gizonezko, kluben artean ordezkaritza handiena izanik. Gainera, emakumezkoen taldekako sailkapen nagusian lehen postua eskuratu zuen klubak, 1.149,79 punturekin.
A Coruña bigarren izan zen (965,51 puntu), eta Aries hirugarren (841,67). Gizonezkoen taldeak, berriz, hamalaugarren postua lortu zuen. Guztira, 42 klubetako 195 kirolarik hartu zuten parte txapelketan: 98 gizonezkok eta 97 emakumezkok. ZKEko ordezkariek 14 domina eskuratu zituzten guztira.
Emaitza bikainak banakako probetan
Malen Monasteriok lortu zuen emaitzarik onena. 53 kiloko kategorian lehiatu zen, eta 177 kiloko total olinpikoa egin zuen, 80 kilo abiadura saioan eta 97 kilo kargatze eta altxatze proban jasota. Horrela, hiru urrezko domina eskuratu zituen, bi modalitateetan eta total olinpikoan, eta emakumezkoen sailkapen orokorreko lehen postua ere lortu zuen.
Lide Mendizabalek ere hiru urrezko domina irabazi zituen, 57 kiloko kategorian. 171 kiloko total olinpikoa osatu zuen, abiaduran 74 kilo eta kargatze eta altxatzean 97 kilo altxatuta. Azken marka horrek 17 urtez azpiko Espainiako errekorra ezarri zuen kategoria horretan. Sailkapen orokorrean bosgarren postuan geratu zen.
Ainhoa Urkiolak, aldiz, hiru zilarrezko domina eskuratu zituen 69 kiloko kategorian, 166 kiloko total olinpikoarekin. Abiaduran 74 kilo altxatu zituen, eta kargatze eta altxatzean 92 kilo. Mara Monasterio, berriz, brontzezko bdomina lortu zituen 53 kiloko kategorian, kargatze eta altxatze proban 84 kilo eta guztira 149 kilo jasota.
Lore Mendizabalek ere lan ona egin zuen 53 kiloko kategorian. 140 kiloko total olinpikoa osatu zuen, eta B taldeko txapelduna izan zen. Kargatze eta altxatze proban laugarren postua lortu zuen, eta bosgarren izan zen abiaduran eta total olinpikoan.
Gizonezkoen artean, Alex Balenciagak hiru zilarrezko domina eskuratu zituen 95 kiloko kategorian. 245 kiloko total olinpikoa osatu zuen, 115 kilo abiaduran eta 130 kilo kargatze eta altxatzean lortuta. Jakes Etxeberriak, berriz, Espainiako Junior Txapelketan lehen aldiz parte hartu zuen. 65 kiloko kategorian lehiatu zen, eta 185 kiloko total olinpikoa lortu zuen, 85 kilo abiaduran eta 100 kilo kargatze eta altxatzean jasota.
Larunbateko erronka
ZKE Halterofiliako emakumezkoen taldeak beste hitzordu garrantzitsu bat izango du bihar: Erreginaren Kopan lehiatuko da Lizardi kirol aretoan. Zarauztarrek A tariman parte hartuko dute, hiru txandatan banatuta. Lehenengoan, 14:00etan, Lore Mendizabal eta Mara Monasterio arituko dira; bigarrenean, 15:30ean, Ainhoa Urkiola eta Miren Galarraga; eta hirugarrenean, 17:00etan, Malen Monasterio eta Lide Mendizabal.
Gainera, blokeak ordezko kirolarien babesa izango du atzealdean, Miren Galarraga eta Leire Urkiolarena, hain zuzen ere. "Zarautzen izena gorenera eramateko denboraldi osoan batera lan egin duen talde batu baten funtsezko piezak dira".
Klubak, gainera, deialdi berezia egin die ZKE Halterofilian aritu diren eta gaur egun ari diren emakumeei. Izan ere, taldearen ibilbidean parte hartu duten guztiak Lizardi kiroldegian elkartzera gonbidatu dituzte, txandak amaitu ostean, 19:30 aldera, taldeko argazkia ateratzeko. Klubak azaldu duenez, lorpen hau urteetan taldean aritu diren emakume guztien lanaren emaitza ere bada. Hori horrela, ZKE Halterofiliak herritarrak ere animatu ditu larunbateko hitzordura gerturatzera, kirolariak harmailetatik babestera eta animatzera.