Zarauzko hitanoa ikasteko App berria kalean da jada

Eneko Eizagirre Perez

Irune Urbieta Euskara zinegotzia eta Aintzane Agirrebeña Badihardugu elkarteko kidea 'Appa HI!' aplikazioaren aurkezpenean. (Eneko Eizagirre Perez)

Appa Hi! izenpean argitaratu da gaur hitanoa ikasteko aplikazio berria. Zarauzko hizkeran jarrita fokoa, gazteen artean hika, eta gehien bat noka, berreskuratzeko jarri da martxan ekimena.

Zarauzko hitanoa bultzatzeko proiektua jarri dute martxan Udalak eta Badihardugu elkarteak elkarlanean. Gehien bat, gazteen artean NOKaren erabilera falta identifikatu dute, eta egoera hau aldatze aldera, hika ikasteko eta praktikatzeko aplikazio bat jarri dute martxan. Gaurtik hasita, guztion mugikorretan deskargatu daiteke Appa hi! aplikazioa dohainik , eta bertan, bost astetan Zarauzko hika ikasi daitekeela azpimarratu dute Irune Urbieta Euskara zinegotziak eta Aintzane Agirrebeña Badihardugu elkarteko kideak.

2021ean sortu zen aplikazioa Codesyntax programatzaileekin batera, aldiz, Oñatiko hizkera bakarrik zegoen eskuragarri garai hartan. Hainbat hilabeteetako lanarekin, eta hitanoa egunerokotasunean erabiltzen duten lau aditu zarauztarrekin elkarlanean, gaurtik aurrera Zarauzko hika ikasi daiteke Appa hi! aplikazioan.

Ikasketa eta jolasa ditu erdigunean proiektuak, eta sortzaileek diotenez, hitanoa bost astetan ikasi daiteke aplikazio berri honekin. 35 egunez, ikasgai berri bat ikasiko da, eta azalpenetan edo aditz tauletan oinarrituko da eguneko zati teorikoa. Hau ikasi ostean, galdera modura jarriko da frogan ikasitakoa. Zuzen erantzun ezkero, hurrengo egunean ikasgai berri bat egongo da eskuragarri. Sortzaileek azpimarratu dute egunean ikasgai bakarra egin daitekeela, eta nahi adina denbora igaro daitekeela hauek egiten. Astearen bukaeran errepaso ariketak egongo dira eta hau gainditzean, mailaz igotzeko aukera egongo da.

Lagunen artean lehiatzeko aukera

Jolasen bitartez hitanoa ikastea modu atsegina dela azpimarratu dute aplikazioaren sortzaileek, eta lagun artean lehiaketak egiteko aukera egongo da Appa Hi!n ere. Edonork sortu dezake talde bat, eta lagun edo senide artean banatu daiteke taldean sartzeko kodea. Ariketetan lortutako puntuazioekin sailkapen bat egingo da eta hemen ikusiko da nork ikasi duen gehien.

Euskararen egunaren harira, ostegunean Udalak lehiaketa bat jarriko du martxan eta herritar guztiak daude gonbidatuak bertan parte harztera. Honela, modu lehiakorrean eta dibertigarrian jarri dezakete praktikan hitanoa herriko gazteek.

Gaurko ametsak biharko albiste izan daitezen, beharrezkoa dugu zure babesa.


Egin bazkide