Samara Velte: "Euskal zinemaren etorkizuna ez dago inondik inora bermatuta"

Julene Sorarrain

Josu Martinez eta Samara Velte, argitaratu berri duten liburuarekin. (Utzitakoa)

Euskarazko zinemagintzaren bilakaera aztertu, dokumentatu eta liburu batean jaso dute Samara Velte (Zarautz, 1991) eta Josu Martinez EHUko Nor taldeko ikerlariek

Zertan datza, zehazki, Martinezekin batera garatu duzun ikerketa?

EHUko Nor ikerketa taldean euskal kulturarekin eta euskararekin lotutako gaiak ikertzen ditugu, eta, horren barruan, euskarazko zinemari buruzko ikerketa ildo sendo bat garatzeko beharra identifikatu genuen. Martinezek dagoeneko jasota zituen euskarazko zinemaren hastapenak Irudiz eta euskaraz liburuan, baina haren amaieran, galdera ireki bat utzi zuen: ea 2005. urtearen bueltan benetako industria bat sortzen hasten zen. Ikerketa hari jarraipena eman nahi izan diogu Euskal zinema (2005-2025). Hasiera bat liburuarekin. Izan ere, 2005. urtearen bueltan aldaketa esanguratsu bat gertatu zen, eta ordutik aurrera urtero ekoitzi dira euskarazko fikziozko film luzeak. Horri gehitu behar zaio azken hogei urteotan euskal zinema Euskal Herritik kanpo ere aitortza jasotzen hasi dela. Nolabait, euskal zinemaren loraldia bizitzen ari ote ginen ustea zabaldu zen. Orduan, geure buruari galdetu genion hori pertzepzio hutsa zen ala datuek joera berresten zuten. Horretarako, ezinbestekoa zen azken hogei urteetan ekoitzitako guztia aztertzea. Datu base zabal bat osatu genuen, Joan Mari Torrealdaik euskal liburugintzaren azterketan erabilitako metodologia oinarri hartuta. Argitaratu dugun liburuan, alde batetik, datu kuantitatiboak bildu ditugu; eta, bestetik, hainbat ataletan, adituekin egindako elkarrizketetan eta azterketa espezifikoetan oinarritutako analisiak jaso ditugu.

1.267 film zenbatu dituzue 2005etik 2025era. Zifra deigarria da.

Film asko diruditen arren, kontuan izan behar da askotariko lanak sartzen direla zaku horretan: film laburrak eta luzeak, fikziozkoak, dokumentalak edota marrazki bizidunak. Horietako gehienak film laburrak direla kontuan hartuta, jende gehienak zinema gisa ulertzen duena askoz ere gutxiago da. Urte onenetan, sei edo zazpi film luze egin dira; txarrenetan, berriz, bakarra. Datu horiek kontuan hartuta, panorama asko aldatzen da. Pentsa zer gertatuko litzatekeen euskaraz urtean hiruzpalau liburu baino ez bagenitu, ezta?

Nola defini daiteke zer den euskal zinema?

Guretzat irizpidea, argi eta garbi, linguistikoa da: euskal zinema euskaraz egindako zinema da. Horregatik, ikerketan ez ditugu kontuan hartu Euskal Herrian beste hizkuntzetan egiten diren filmak. Jarrera metodologiko oso argia dugu: hizkuntza gutxitu baten barruko kultur adierazpide bat ezin da hizkuntza hegemoniko baten egbindakoen zaku berean sartu; berezko beharrak, erronkak eta berezitasunak ditu. Beraz, euskarazko zinemaren ekosistema aztertu dugu. Gaiei dagokienez, badago topiko bat, euskarazko ekoizpen guztiek euskal gaiei buruz baino ez dutela hitz egiten. Gure ikerketak, ordea, kontrakoa erakutsi du. Izan ere, askoz gehiago dira "euskal gai" gisa sailkatzen ez ditugun filmak, hau da, "gai unibertsalak" lantzen dituztenak. Beste kontu bat da filmen testuingurua edo kokalekua Euskal Herria izatea.

Filmen erdia baino gehiago "herri ekimenez sortuak" direla diozue ikerketan.

Zinemaren esparruan, mainstream zinematik harago, autore zinema, zinema amateurra eta zinema komunitarioa ere badaude. Euskal Herrian, ordea, gure hizkuntza minorizazioaren testuinguruan, bestelako errealitate bat dugu. Izan ere, euskal kulturak urte luzez botere politikoaren zein ekonomikoaren babesik izan ez duenez, hirugarren adar bat sortu da: euskal kulturako proiektu asko herri ekimenetik eta ekimen komunitarioetatik abiatu dira. Ekimen horietako asko, gainera, funtsezko bihurtu dira gerora, besteak beste, hezkuntzan eta komunikabideetan. Era berean, ekimen komunitario gisa sortutako ekoizpen askok zirkuitu komertzialetan sartzea ere lortu dute gerora, baita diru laguntza publikoak eskuratzea ere.

Euskal zinemak ez du beti ikusgarritasun bera izan. Zergatik?

Nik uste dut faktore askoren arteko elkarreraginaren emaitza dela hori. Alde batetik, 2005etik aurrera baliabide gehiago egon dira Euskal Herrian eta euskaraz zinema egiteko. Gainera, zinema digitala garatzen hasi zen garai horretan, eta, ondorioz, filmak egitea errazago bihurtu zen. Zinemagileen belaunaldi berri bat ere hasi zen agertzen; hasieran, batez ere film laburrak egiten zituzten, baina pixkanaka, film luzeak ere ekoizten hasi ziren. Halaber, gero eta emakume gehiago ari gara ikusten zuzendari lanetan, nahiz eta oraindik gutxiengoa diren. Horri guztiari euskarazko alfabetatze maila handiagoa gehitu behar zaio, baita euskarazko ikus-entzunezkoak kontsumitzera ohituago dagoen publiko baten sorrera ere. Beraz, hainbat faktoreren arteko batuketa eta elkarreragina dago horren atzean. Hala ere, ezin dugu ahaztu oso sektore minoritario bati buruz ari garela.

Azken hogei urteetako datuak ikusita, nola irudikatzen duzu etorkizuna?

Hazkunde bat egon dela ikusi dugu: gaur egun, duela hogei urte baino film gehiago egiten dira. Baina hazkunde hori oso gorabeheratsua izan da. Garaiak eta testuinguru ekonomiko, politiko eta sozialak eragin handia dute zineman, bai diru laguntzei dagokienez, bai lantzen diren gaiei dagokienez. Zinema gizartearekin batera aldatzen da, eta, industria txiki bat sortu den arren, haren etorkizuna ez dago inondik inora bermatuta. Gainera, ezegonkortasun horrek eragin zuzena du sektoreko langileen lan baldintzetan. Nik esango nuke etorkizuna oso ziurgabea dela eta apustu sendo bat egin behar dela. Zinemaren egonkortasuna, neurri handi batean, diru publikoaren bidez berma daiteke. Horregatik, ezinbestekoa izango da erakunde publikoen inplikazioa.

Gaurko ametsak biharko albiste izan daitezen, beharrezkoa dugu zure babesa.


Egin bazkide