Bihar eta etzi Astiko biribilgunea itxita egongo da gauez

Enara Ariznabarreta

Zarauzko saihesbideko obrak. (Eneko Eizagirre Perez)

Bihar eta etzi Astiko biribilgunea itxita egongo da asfaltatze-lanak egingo dituztelako, 21:00etatik 06:00etara. Hori horrela, bertara sartzeko zein handik irteteko bide-adar guztiak itxiko dituzte.

Zarauzko saihesbidearen obren barruan, Astiko biribilgunea (N-634-Z) itxita egongo da gauez bihar eta etzi, N-634 errepidea Errotaberri poligonoarekin Astin barrena lotzeko obrak direla-eta. Hori horrela, asfaltatze-lanak egitea aurreikusten da, eta biribilgunea eta bertara sartzeko zein handik irteteko bide-adar guztiak itxiko dituzte.

Biribilgunea azaroaren 29ko eta 30eko gauetan itxita egongo da, 21:00etatik 06:00etara. Gainera, itxierek AP-8 autobideko hainbat sarbide eta irteerari ere eragingo diete. Esaterako, Bilborako noranzkoan doazen eta Zarautzera edo Getariara sartu nahi duten ibilgailuek Orioko (AP-8-33) edo Zestoa-Zumaiako (AP-8-48) lotuneak erabili beharko dituzte. Lotune horietatik N-634 errepidera iritsi eta handik jarraitu ahal izango dute, edo noranzkoa aldatu eta Zarauzko lotunetik atera. AP-8ko Bilbotik datozen ibilgailuentzako Zarauzko irteera (AP-8-38-2 S), aldiz, irekita egongo da. Zarautzetik autobidera sartu nahi dutenek, berriz, Orioko lotunea erabili beharko dute Donostiarako noranzkoan joateko, eta Zestoa-Zumaiakoa Bilborako noranzkoan sartzeko. Bi kasuetan, N-634 errepidea erabili beharko dute lotuneetara iristeko. Asti auzora sartu edo bertatik atera nahi duten herritarrek Asti eta Buztinzuri lotzen dituen udal bidea erabili beharko dute.

Azkenik, eguraldi txarrak asfaltatze-lanak egitea eragozten badu eta lanak atzeratu behar badituzte, trafikoan izango diren aldaketen berri aldez aurretik emango dutela jakinarazi dute.

Gaurko ametsak biharko albiste izan daitezen, beharrezkoa dugu zure babesa.


Egin bazkide