Espainiako Gorteetarako bozak (2026)

EAJk kanpainako ekitaldian iragarri du Zarautz eremu tentsionatu izendatzea onartuko duela osoko bilkuran

Maddi Txintxurreta

Xabier Txurruka alkateak bere alderdiak etxebizitzaren arazoari erantzuteko hartutako neurriak balioetsi ditu. Azken hamarkadan, nolabaiteko babes publikoa duten 770 etxebizitza eraiki dituztela gogoratu du, eta iragarri duenez, gaurko osoko bilkuran Zarautz eremu tentsionatua bilakatzeko izendapena onartuko dute.

Zarauzko EAJk etxebizitzaren auzian azken hamarkadan egin duen lana balioetsi du Xabier Txurruka alkateak alderdi jeltzaleak malekoian egin duen kanpainako ekitaldian, eta jakinarazi duenez, herria eremu tentsionatu izendatzea onartuko dute gaur arratsaldeko osoko bilkuran. Ekitaldian izan da Eneko Goia EAJren Espainiako Kongresurako hautagaia ere.

Txurrukak iragarri duenez, herriko lehenengo Etxebizitza Plana onartu zutenetik hamar urte bete direnean, EAJk Zarautz herri tentsionatu izateko eskaera onartuko du ohiko osoko bilkuran. 2025eko martxoan, oposizioak eremu tentsionatuaren izendapena jasotzeko prozesua abiatu zezala eskatu zion Udal Gobernuari, PSE-EEk aurkeztutako eta EH Bilduk babestutako mozioa baten bitartez. Handik urtebetera, prozesua blokeatzea egotzi zioten alderdi sozialistak nahiz koalizio abertzaleak EAJri, eta gaur, Espainiako Gorteetako hauteskundeen atarian, izendapena onartuko duela iragarri du alkateak.

Haren hitzetan, EAJrentzat "lehentasunezko" gaia izan da etxebizitzarena, eta gogoratu du azken hamar urteetan babes publikoa duten 990 etxebizitza eraikitzeko partzelak sustatu dituela udalak. Zehaztu duene, horietatik 770 dagoeneko eraiki dituzte, horien artean, "babes sozialeko etxebizitzak, alokairuan eta jabetzan; zuzkidura bizitokiak alokairu sozialean eta, baita ere, salmenta librekoen erdi prezioan tasatutako etxebizitzak"

Halaber, Amillubiko, Iritako eta Lanpardoko etxebizitza parkeen proiektuak martxan daudela gogoratu du alkateak, eta horiek gauzatzeko lanean segituko dutela ziurtatu.

Eneko Goia Espainiako Kongresurako hautagaiak, bestalde, desados agertu da ultraeskuinari "pankarten atzetik" aurre egiten dietenekin. "Zarata asko dugu, pankarta asko, garrasi asko. Eta badirudi batzuk ondo moldatzen direla horretan. Esaten digute ultraeskuinari eta faxismoari aurre egin behar zaiola Euskaditik, eta gauza bat esan nahi nieke horiei: ultraeskuinari eta faxismoari aurre egiteko modurik onena da herritarren arazoei irtenbideak ematea", defendatu du.

Gaurko ametsak biharko albiste izan daitezen, beharrezkoa dugu zure babesa.


Egin bazkide