Asteburu dotorea izan du Judo Klub Lizardik

Aritz Mutiozabal

Gerriko beltz berriak eskuratu dituzten Judo Klub Lizardiko kirolariak. (Judo Klub Lizardi)

Klubeko lau kidek gerriko beltz berriak lortu dituzte Donostian eginiko azterketetan. Era berean, hainbat domina erdietsi dituzte Amurrioko kadete mailako txapelketan. Asteburuan, berriz, Isabela Avila eta Naiara Villasante senior mailako Espainiako Txapelketan lehiatuko dira.

Judo Klub Lizardiko lau kidek gerriko beltzeko gradu azterketak gainditu zituzten joan den igandean, Donostian, hilabeteetako prestaketa eta lanaren ondoren. Unax Arzallusek, Elai Lazkanok eta Itxaso Manzanasek lehen daneko gerriko beltza eskuratu zuten, eta Naiara Villasantek, berriz, bigarren danekoa.

Bestalde, larunbatean Amurrioko kadete mailako txapelketa jokatu zen, eta Zarauzko klubeko ordezkariek emaitza bikainak lortu zituzten. Gizonezkoetan, Martxel Eizagirre txapeldun izan zen 90 kiloz azpiko mailan, eta Tony Marveggiok, berriz, brontzezko domina eskuratu zuen. 90 kiloz gorako kategorian, bere aldetik, Iñaki Goenagak zilarrezko domina lortu zuen.

Emakumezkoen kategorian, Johana Flores podiumeko hirugarren mailara igo zen 57 kiloz azpiko mailan, eta Irati Aramendik bosgarren postuan sailkatu zen.

Klubeko bi judoka, Espainiako txapelketan

Larunbat honetan, senior mailako Espainiako Txapelketa jokatuko da Lugon (Galizia), eta Judo Klub Lizardik bi ordezkari izango ditu bertan lehian: Isabela Avila eta Naiara Villasante. Biak 78 kiloz azpiko kategorian hartuko dute parte.

Avila estreinakoz lehiatuko da senior mailako Espainiako Txapelketa. Euskadiko txapeldun izan ondoren, ilusio handiz eta erronka berriari aurre egiteko gogoz iritsiko da hitzordu garrantzitsura. Villasantek, berriz, iazko esperientzia du aldean. Txapelketa bikaina egin zuen, eta podiumetik oso gertu geratu zen, brontzezko dominaren lehian aritu ondoren.

Gaurko ametsak biharko albiste izan daitezen, beharrezkoa dugu zure babesa.


Egin bazkide