Urte luzez jardun dira elkarlanean Pirritx, Porrotx eta Marimotots pailazoak Bonberenearekin. Elkarrekin egindako ibilbide oparoa erdigunean jarrita, Pirritx, Porrotx eta Marimotots, Bonbereneak maite zaituzte proiektua aurkeztu dute gaur bertan. Euskal Herriko hogei taldek hartu dute parte lanean, eta bakoitzak, pailazoen kantu baten moldaketa egin du aitortza diskoa osatuaz. Honela, post-rock eta post-hardcore doinuetara moldatutako pailazo kantu ikonikoak entzun ditzakegu lan berri honetan.
Eskualdeko hainbat talde daude proiektuan murgilduta; Anestesiak Ez gaude salgai kantua hautatu du moldatzeko, Rodeok Muxutruk, Sofak Musua kantua bereganatu du, Gailuk, berriz, Euri tanta kantuaren bertsioa egin du, eta azkenik, Ezpalak taldeak Ostirala iritsi da ereserkiaren moldaketa burutu du. Beste hainbat taldek ere hartu dute parte proiektuan, besteak beste, Naiz Presidentek, Zea Maysek, Denak, edo Gorka Urbizuk.
Kantu gehienak Bonbereneako estudioetan grabatuak izan dira 2025eko ekainetik 2026ko urria bitartean, eta lanaren diseinua Joseba Ponzek egin du. Sarrera guztiak agortuta badaude ere, gaur izango da diskoaren aurkezpen festa Bonberenean 18:00etan. Formatu fisikoan eskuratzeko aukera egongo da, Binilo eta CD bikoitzean egongo baita salgai Durangoko Azokan abenduaren 4tik 8ra Bonberenea ekintzak-en estandean.