Euskararen Egunaren harira, hainbat ekintza antolatu dituzte Hiruputzu gaztetxean. Euskararen defentsa abiapuntutzat hartuta, eta bertsolaritza erdigunean jarrita, datozen egunetan hamaika ekintzarekin beteko dute gaztetxea. Larunbatean izango da lehen hitzordua: Euskal Herriko Bertsolari Txapelketako finalerdia ikusteko aukera eskainiko dute. Hain zuzen ere, pantaila jarriko dute gaztetxean, Gasteizko saioa ikusi ahal izateko. 17:00etan hasiko da hitzordua, eta barra irekiko dute zerbait hartu nahi duenarentzat.
Abenduaren 4an izango da Hiruputzuko bigarren hitzordua; izan ere, euskararen aldeko bertso afaria antolatu dute. 20:00etan hasita, Libe Goenagak, Aroa Arrizubietak eta Jakes Etxeberriak jantziko dute Hiruputzu bertso doinuekin. Afaltzeko zizka-mizkak, baratxuri zopa, gisatua eta postrea eskainiko dituzte, eta aukera beganoa ere egongo da. Gainera, sagardoa eta ardoa ere sartzen dira menuaren ordainean. Txartelak Eguzki tabernan eros ahal izango dira abenduaren 3ra arte, hamabi eurotan.