Asteburu historikoa dator Zarauzko halterofiliarentzat

Eneko Eizagirre Perez

Roberto Ramajo GFA Kirol zizendaria, Imanol Zulaika ZKE Halterofiliako ordezkaria eta Inaxio Illarramendi kirol zinegotzia Espainiako kopako finalen aurkezpena egiten bi kopekin.

Emakumezkoen zein gizonezkoen Espainiako kopak jokatuko dira Zarautzen larunbat honetan. Hitzordu historikoa izango da hau, izan ere, ZKE Halterofilia taldeko neskak bigarren urtez jarraian sailkatu dira txapelketa handi honetara, eta domina etxean eskuratzeko aukera izango dute. Lide Mendizabal, Ainhoa Urkiola, Mara Monasterio, Lore Mendizabal eta Nahia Mendizabal izango dira klubeko ordezkariak egun historiko honetan.

Denbora askoan gogoratuko den hitzordu bat ospatuko da Aritzbatalde kiroldegian larunbatean, izan ere, emakumezkoen zein gizonezkoen Espainiako Halterofilia kopak jokatuko dira. ZKE Halterofilia taldeko neskak bigarren urtez jarraian sailkatu dira Espainiako kopako finalera, eta domina etxean eskuratzeko egingo dute lehia. Gaur izan da txapelketaren aurkezpena Udaletxeko Pleno Aretoan, eta bertan egon dira ekitaldia bideratu duten hainbat pertsona, besteak beste, Imanol Zulaika ZKE Halterofiliako ordezkaria, Inaxio Illarramendi kirol zinegotzia, eta Roberto Ramajo GFA Kirol zizendaria.

Gizonezkoen eta emakumezkoen finala jokatzen bada ere, domina eskuratzeko aukera Zarauzko neskek bakarrik dute, gizonezkoak ez baitira sailkatu. Bost kirolarik osatuko dute ZKE Halterofiliako ordezkaritza; Lide Mendizabalek, Ainhoa Urkiolak, Mara Monasteriok, Lore Mendizabalek eta Nahia Mendizabalek. Azken sailkapen fasean, laugarren postua eskuratu zuten eta hamabi finalisten artean lehiatuko dira dominak eskuratzeko. "Klubaren momenturik onenean gaudela esango nuke" azpimarratu nahi izan du Inaxio Illarramendi zinegotziak.

Larunbatean txapelketa giroan murgilduko da herria eta egun osoan zehar izango da finala Lizardi Kirol Aretoan. 09:00etan hasita, lehenik gizonezkoen txandari ekingo diote. Hiru txandetan banatuko dira talde bakoitzeko bost pultsolariak, eta lortutako emaitzen batura joango da sailkapen nagusira. Arratsaldean ekingo dio emakumezkoen txandari, eta kirolari zarauztarren altxaketak eta emaitzak ikusteko unea 17:30 aldera izango da. "Zaila izango da podiumera igotzea, azken finean, bost kirolariek izan behar dute egun ona. Hala ere, beste taldeetako kideak ere izan dezakete egun txarra, guk dominarekin amesten dugu" aitortu du Zulaika ZKE Halterofiliako entrenatzaileak.


Gaurko ametsak biharko albiste izan daitezen, beharrezkoa dugu zure babesa.


Egin bazkide