Imanol Urbietaren ahotsa biziberritu dute Santa Zezilia egunez

Aritz Mutiozabal

Herriko abesbatzak, txistulariak eta kantu taldeak kalez kale ibili dira eguerdian, eta Urbietaren heriotzaren 10. urteurrena izan dute gogoan. Hori horrela, musikari eta pedagogo zarauztarraren sei abesti aritu dira kantatzen.

Santa Zezilia eguna da gaur, musikarien eguna, eta herriko taldeak kalera atera dira Alde Zaharra kantuz alaitzera. Musika Plazan jarri dute hitzordua, 12:30ean, eta bertan elkartu dira Zarautz Abesbatzako kideak, Montetxio koruko kideak, Udaberrio abesbatzako kideak, Arrai Zopa kantu taldea, Goizeko Ihintzako txistulariak eta herriko txistulariak. Jaione Eskuderoren eta Josean Urbietaren gidaritzapean, herriko hainbat txokotan aritu dira abesten.

Aurten, Imanol Urbieta musikari, pedagogo eta herritarraren heriotzaren 10. urteurrena izanik, gogoan izan dute Santa Zezilia egunez. Hori horrela, ekitaldirako aukeratu dituzten abestiak Urbietarenak izan dira; honako sei hau izan dira: Agur Herria, Gernika Aldera, Alabatik Arabara, Herriko Jatorrak, Trikitilariak eta Elkar Gaitezen. Beraz, Manoloren ahotsa ozen biziberritu dute gaur Zarautzen mila ahotsetara.

Gaurko ametsak biharko albiste izan daitezen, beharrezkoa dugu zure babesa.


Egin bazkide