Aner Peritz hirugarren sailkatu da finalerdietako bigarren fasean

Aritz Mutiozabal

Aner Peritz gaurko finalaurreko saioan, Ilunben. (EITB)

Donostiako Donostia Arena-Ilunben aritu da gaur arratsaldean bertsolari zarauztarra, eta Aitor Mendiluze izan da garaile, finalerako lehen txartela eskuratuz. Sailkapen orokorrean bigarren kokatu da, baina Gasteizko eta Bilboko saioak jokatu arte ez da erabakiko nortzuk iritsiko diren finalera.

Gaur arratsaldean abiatu dute Euskal Herriko Bertsolari Txapelketako finalerdietako bigarren itzulia, bertsozalez beteta izan den Donostiako Donostia Arena-Ilunben. Aitor Mendiluze nagusitu da lehenengo saio honetan, 760 puntu erdietsita, eta gainerako bost bertsolariekiko nabarmenduz. Aner Peritz zarauztarra hirugarren sailkatu da, 719 punturekin, eta haren aurretik geratu da Joanes Illarregi, 729,5 puntu batuta.

Ezustea Julio Sotok eman du. Finalaurrekoen lehen fasean 733,5 punturekin egin zuen aurrera, sailkapen orokorrean hirugarren postuan kokatuta. Gaurkoan, ordea, ez da 700 puntuko langara iritsi, eta finalerako bidea zapuztu zaio. Agin Labururekin berdinduta amaitu du saioa, 696,5 punturekin, eta, azkenik, koska bat beherago geratu da Saioa Alkaiza, 670 puntu poltsikoratuta.

Momentuz, Mendiluzek ziurtatu du bere presentzia finalean, zuzenean sailkatuta, eta gainerako bertsolariek abenduaren 5era arte itxaron beharko dute behin betiko emaitzak jakiteko. Izan ere, datorren astean jokatuko da bigarren saioa Gasteizen, eta hurrengokoan, Bilbon. 

Bien bitartean, finalaurreko bi saioak kontuan izanda, Illarregik aurrea hartu dio sailkapenean Peritzi. Biek ala biek 707 puntu zakuratu zituzten lehen fasean, baina gaurkoaren ondotik leitzarrak abantaila hartu du 1.436,5 punturekin; zarauztarrak, berriz, 1.426 puntu ditu pilatu ditu. Sotok, aldiz, atzean geratu da, 1430 punturekin. Laburu eta Alkaiza jada aukerarik gabe geratu dira; 1383,5 punturekin eta 1359,5 punturekin, hurrenez hurren.

 

Gaurko ametsak biharko albiste izan daitezen, beharrezkoa dugu zure babesa.


Egin bazkide