Azaroaren 29ko Espainiako Gorteetarako hauteskunde kanpainaren barruan, EH Bilduk ekitaldi politikoa egin zuen atzo arratsaldean Zarauzko Merkatu plazan. Gipuzkoako zerrendaburu Oihana Etxebarrietak, Zumaiako alkate eta Gipuzkoako zerrendako seigarren hautagai Iñaki Ostolazak eta Itziar Murua legebiltzarkideak hartu zuten parte bertan, eta astebete barru izango diren bozei begira dituzten erronken inguruan hitz egin zuten.
Hasiera batean Mario Zubiaga senatuko zerrendan bigarren hautagaiaren presentzia iragarrita bazegoen ere, ez izan zuen ekitaldia izan eta haren partez Itziar Muruak ordezkatu zuen bere tokia. "Madrilen Gipuzkoako ordezkaritza sendoa izateak hemen lagunduko digu. Gipuzkoan, Urola Kostan eta Zarautzen ditugun hainbat proiektuetan lagunduko digu, eta gure estiloan egingo dute gure ordezkariek. Herria lehentasun izanik, hori garelako gu eta hori sinesten dugulako", azaldu zuen Muruak.
Jarraian, Iñaki Ostolazak hartu zuen hitza, eta Zarautzen eta Zumaian komentuaren proiektuarekin eraman diren bide ezberdinak jarri zituen mahai gainean, "haiena [EAJ] beste estilo bat" izan dela adieraziz. "Lehen pausoa kultur arloan lan egiten duen jendearekin hitz egin behar da. Azken finean, herrigintzatik gatoz eta herriarentzat egiten dugu lan. Guk horren arabera sortu genuen proiektua, modu partekatuan eta komunitarioan. EH Bildun egiten diren proiektu guztiak bezala", zehaztu zuen Ostolazak. Eta Madrilera joaten direnean gauza bera egiten dutela azpimarratu zuen: "Euskal Herriko ahotsa izateaz gain, eragin nahi dugu, eragiten dugula erakutsi dugulako azken urteotan. beraz, proposamenak egin nahi ditugu, negoziatu, akordioak egin, konpropomisoak eraiki eta irekitzen diren leihoak aprobetxatu".
"Ez zarete Euskal Herritik pasako!"
"Borrokak ematen du bizitzeko poza, brilloa begietan". Arantza Arruti zenaren aipua gogora ekarriz ekin zion hitzartzeari Oihana Etxebarrietak: "Herri honen askatasuna amesten dugunok eguneroko lanaren bidez eraiki dugu orain arteko bidea, ez digu inork oparitu. Guk sortu dugun bide bat izan da". Eskuin muturra indartzen ari den sasoi hauetan "borrokari komunitatearekin" eta "autoritarismoari demokrazia gehiagorekin" eratzungo dietela nabarmendu zuen EH Bilduk Gipuzkoako zerrendaburuak: "Ez zarete Euskal Herritik pasako!".
Madrilera Euskal Herriarentzat "eskubide gehiago" lortzera doazela adierazi zuen Etxebarrietak, "eskubide sozial eta politikoetan aurrera egitera". Eskualdeetan eta udaletan koalizioak garatzen duen politika azken urteetan Madrilen izan duten egiteko modu bera dela azaldu zuen: "Herritarrak lehenetsi ditugu beti".
Zentzu horretan, garbi utzi nahi izan zuen koalizioa dela lehena etxebizitza hutsak mobilizatzeko proposamenak mahaigaineratzen, emakume etxeak eraikitzen, indarkeria matxistari aurre egiteko proposamen integralak eraikitzen, etxeko langileentzako bizi baldintza duinak sortzen, eta tentsiopeko eremuez, pentsioen %15eko igoeraz, aberatsei ezarritako zergez, kulturaren funtsezko ondasun izaeraren aitortzaz, Memoria Demokratikoaren Legeaz, eskumenen-transferentzien
inguruan, amiantoaren biktimentzako eta euskal unibertsitateentzat lortutako laguntzez hitz egiten. "Ez dugu programa baten beharrik, badaukagun arren. Gure herriak baitira erakusle. Guk eginez erakuste baitugu, ez promesekin”, zehaztu zuen.
Etxebarrietaren esanetan, ekintzek definitzen dute EH Bildu. Hala ere, "askoz gehiago" egiteko premia eta borondatea erakutsi zuen Gizpuzkoako zerrendaburuak: "Etxebizitzaren arazoari konponbidea eman behar diogu, soldatak igo eta prezioak jaitsi, eta pentsioak bermatu". Horretarako, "indar eta ausardia handiagoa" behar dela aldarrikatu zuen Etxebarrietak. “Euskal Herria Bildu gehiago behar dugu. Aurrerapausoak bermatzeko gai izango den gehiengoa behar dugu, eta gehiengo hori gauzatzeko berme bakarra EH Bilduren aldeko botoak biltzea da. EH Bildurik gabe, ez dago politika aurrerakoirik”, arrazoitu zuen.