Aurten ere zientziaz eta teknologiaz ikasteko aukera izango da Modelo aretoan, Zarautzon elkarteari esker. Zarautzen Zientziaz Blai jardunaldia antolatu du elkarteak azaroaren 24erako. 19:00etan hasiko da saioa, 12. aldia izango du jardunaldiak, eta sarrera doakoa izango da. Xedea da gazteen artean zientzia eta teknologia dibulgatzea, herriko ikerlariei hitza emanez.
Horretarako, hiru ikerlari gaztek urte hauetan landu dituzten lanez eta aurrera begirako proiektuez jardungo dute aretoan: Andrea Cid Alonso, Pablo Morales Cardador eta Patricia De La Riva Juez arituko dira. Aurtengo gonbidatu berezia Xabier Eizagirre Peral izango da.
Xabier Eizagirre Peral: ikus-entzunezkoetatik ekoizpen birtualera
Informatika ingeniaritza ikasten hasi zen Eizagirre, baina bere bidea ez zela ohartu, eta ikus-entzunezkoen mundura jo zuen. Prestakuntza amaitu ondoren, bere kabuz jarraitu zuen ikasten, proiektu bakoitzean erronka berriei helduz eta urrats bat gehiago eginez. Lehen lanak zinemaren eta efektu bisualen esparruan bilatu zituen, eta bide horretan sortu zen BasqueScout, Miramongo Parke Teknologikoan. Eizagirreren
Ikus-entzunezko hainbat proiektutan aritu da zinemagile gisa eta efektu bisualen sortzaile espezialista gisa. Zarautzekin lotura duten lanen artean daude Mollarri laburmetraia eta Iraganera begira proiektua. Azken horren helburua iragana ulertzea zen, oraina hobeto interpretatu eta etorkizuna eraikitzeko. QR kodeen bidez, herriko hainbat tokitan telefono mugikorra erabilita, egungo paisaia berreraikuntzekin eta ikuspegi historikoekin alderatzeko aukera eskaintzen du, 360 gradutan.
Azken urteotan, zinemak eta telebistak erabiltzen duten teknologia berrienetako batean murgildu da: ekoizpen birtualean. Teknika horren bidez, plato batean grabatzen dena ordenagailuz sortutako ingurune batean ikus daiteke une berean pantailan. Hasieran efektu bisualetan aritu bazen ere, gaur egun proiektu osoan parte hartzen du, alderdi teknikoan, ekoizpenean eta filmaketan. Horretarako behar izan dituen tresna asko berak garatu ditu. Aurten, esaterako, haren lana telebistan ikusi ahal izan da, EITBk emandako Itzuliaren etapetan eta Kontxako Banderan. Gaur egun, adimen artifizialarekin ari da lanean, sortzeko eta lan egiteko modu berriak esploratzen.
Andrea Cid Alonso: garuneko inplante iraunkorragoak
Andrea Cid Alonso Kimikan graduatua da EHUn, eta Kimika eta Polimeroetako masterra ere egin du bertan. Global Training beka bati esker, ikerketa-egonaldia egin zuen Cambridgeko Unibertsitateko Ingeniaritza Sailean. Gaur egun, EHU-Polymateko doktoretza-prozesuan ari da.
Urrea eta polimeroak: garuneko inplante iraunkorragoak lortzeko diseinua da bere ikerketa-proiektuaren izenburua, eta bioelektronikan eta interfaze neuronalen garapenean erabiltzen diren polimero eroaleak ditu aztergai, bereziki PEDOT izenekoa.
Arlo horretan aurrera egiteko, sintesi-bide desberdinak ikertzea ezinbestekoa da. Horien artean dago EDOT monomerotik abiatutako argi bidezko polimerizazio-prozesu berriak garatzea, in vivo bioelektronikako aplikazioetarako. Hala ere, gaur egungo interfaze neuronaletan erronka nagusietako bat estaldura polimeriko eroaleen epe luzeko egonkortasuna bermatzea da.
Pablo Morales Cardador: fluor gabeko estaldura polimeriko iragazgaitzak
Pablo Morales Cardador Kimikan graduatua da EHUn, eta Polimero Zientzietan master bikoitza egin du. EHU-Polymateko doktoretza-prozesuan dago, erreakzio polimerikoetan eta polimerizazio industrialean espezializatuta.
Fluor gabeko estaldura polimeriko iragazgaitzak du izena Moralesen proiektuak. Estaldura polimerikoak funtsezkoak dira urarekiko eta olioarekiko iragazgaitzak diren ehunak eta arropak egiteko, eta orain arte, ehungintzan fluoropolimeroen familia izan da gehien erabilitakoa, propietate egokiak dituelako.
Hala ere, konposatu fluoratuak ingurunean konposatu kimiko kaltegarri eta iraunkorrak askatzen dituztenez, hainbat araudi ezarri dira haien erabilera mugatzeko. Testuinguru horretan, fluorrik gabeko polimero hidrofoboak alternatiba gisa agertu dira. Emultsio-polimerizazioaren bidez, gainera, konposatu organiko lurrunkorrik gabeko estaldura hidrofoboak sintetiza daitezke.
Patricia De La Riva: iktus iskemikoaren tratamenduaren eraginkortasuna eta segurtasuna
Patricia De La Riva Juez Donostia Ospitaleko Iktus Unitateko neurologoa eta EHUko Neurozientzietan doktorea da. Era berean, Giogipuzkoa Osasun Ikerketa Institutuko Iktus taldeko burua eta Deustuko Unibertsitateko irakaslea ere bada.
Endotelioaren inplikazioa iktus iskemikoaren tratamendu endobaskularraren eraginkortasunean eta segurtasunean da haren ikerketa. Iktusaren tratamenduan aurrerapauso handiak eman diren arren, gaixotasunak desgaitasunaren eta hilkortasunaren arrazoi nagusietako bat izaten jarraitzen du mundu mailan, eta eragin kliniko, sozial eta ekonomiko handia du. Erreperfusio-terapiek birkanalizazio-tasa handiak lortzen dituzte, eta onuragarriak direla frogatu da. Hala ere, birkanalizazioak ez du beti emaitza kliniko onik ekartzen; besteak beste, eraldaketa hemorragikoa bezalako prozesuek azal dezakete hori.
De La Rivaren ikerketaren helburua ea disfuntzio endotelialak tratamendu endobaskularraren erantzunean eraginik duen aztertzea da.. Horretarako, tratamenduaren segurtasuna, eraldaketa hemorragikoa eta iktusa izan eta 90 egunera pazienteek duten autonomia-maila aztertu ditu. Horrez gain, egoera inflamatorioaren eta funtzio endotelialaren arteko harremana ikertu du, baita disfuntzio endotelialak adineko pazienteen pronostiko okerragoan izan dezakeen eragina ere.
Ikerketa aurrera begirako kohorte-azterketa baten bidez egin zuen, 2018ko martxotik 2020ko abuztura bitartean, Donostia Ospitalean tratamendu endobaskularra jaso zuten iktus-pazienteekin. Funtzio endoteliala hiru modutan ebaluatu zuten: NOS3 genearen -786T>C genotipoa zehaztuz, birkanalizazioaren aurreko argininatik eratorritako metabolitoen mailak neurtuz eta ultrasoinuen bidez funtzio endoteliko sistemikoa aztertuz. Horrez gain, tratamendu endobaskularraren aurreko pazienteen egoera inflamatorioa ere ikertu zuten.