Carmen Valois idazle zarauztarrak Bizi-Aforismoak liburua aurkeztu du Maiatz argitaletxearen eskutik. Lanak 2011n idatzitako aforismoak biltzen ditu, Euskal Herriko Unibertsitateko (EHU) Oihenart aforismo lehiaketarako sortutako testuak, hain zuzen ere.
Valois lehiaketako finalisten artean geratu zen, eta orduan, unibertsitateak liburuxka bat argitaratu zuen irabazlearen eta beste hainbat parte-hartzaileren lanekin. Orain, hamabost urte geroago, garai hartako testuak berreskuratu eta argitalpen batean bildu ditu.
Aforismoen ezaugarri nagusia pentsamendu filosofikoa modu labur eta kontzentratuan adieraztea dela azaldu zuen idazleak liburuaren aurkezpenean. Testuei argazkiak gehitu dizkie, idatzi zituen garaiko irudiekin osatzeko. Valoisen esanetan, argazkilaritza tailer bat egin ondoren hartu zuen argazki horiek liburuan txertatzeko erabakia, izan ere, inguruko gauzek inspiratzen dutela azaldu zuen. Hori horrela, duela hamabost urte idatzitako gogoetak eta garai hartako argazkiak uztartu ditu Bizi-Aforismoak liburuan.