Kuraia Fight Klub Zarautz taldeak antolatutako Euskal Herria K-1 kickboxing jaialdiak 21. urteurrena ospatuko du larunbat honetan Aritzbatalde pilotalekuan. 17:00etan hasita, guztira 15 borrokaldiz gozatzeko aukera izango da, eta horietatik bi emakumezkoenak izango dira.
Aurtengo edizioa berrikuntza batekin dator, eta hiru muay thai borrokaldi izango dira. Gainera, jardunaldiko borrokaldi nagusia Hodei Madaiganen eta Markel Uribarriren arteko lehia profesionala izango da. Hori horrela, jaialdia erreferentziazko hitzordua da borroka kiroletako kirolarientzat, eta larunbat honetan, bertaratzen direnek maila handiko borrokalariak bertatik bertara ikusteko aukera izango dute. Aritzbatalde pilotalekuko ateak 16:00etan irekiko dituzte.
Herriko borrokalariak
Borrokalarien artetik zazpi zarauztarrak izango dira, eta herritarren beroa jasoko dute. Herriko bi taldeetako ordezkariak izango dira jaialdian: Kuraia Zarautz eta VAR Muay Thai. Lehenengo taldea ordezkatzen Nerea Tena, Manex Arreitunandia, Aratz Uzkudun eta Facundo Saballer arituko dira. Bigarrena ordezkatzen, berriz, Peru Agirrezabalaga, Aritz Olazabal eta Diego Aragon.