Uztailaz geroztik greba mugagabean dira Zarauzko eta Bergarako Itasua IATko langileak, eta gaur Gipuzkoako Batzar Nagusietan agerraldia egin dute, erakunde arduradunei zerbitzu publikoaren kudeaketan eta enpresaren jardunaren aurrean dagozkien erantzukizunak har ditzatela eskatzeko. Gainera, grebalariek erakundeen erantzunik eza salatu dute, eta ohartarazi gatazkak langileen baldintzetan ez ezik, herritarrei eskaintzen zaien zerbitzuaren bermeetan eta segurtasunean ere izan dezakeela eragina.
Halaber, langileek zalantzan jarri dute lankidetza publiko-pribatuaren eredua. Haien ustez, eredu horrek "enpresa pribatuari etekinak lortzeko aukera" ematen dio, eta langileen lan baldintzak prekarizatzen diren bitartean, "lan eskubideak urratzen dira eta zerbitzuaren behar bezalako prestazioari buruzko zalantzak" sortzen dira. Hala, EAJ eta PSE-EE alderdiei egotzi diete egoera horren erantzukizun politikoa, eta "jarrera argia" hartzeaz gain, Eusko Jaurlaritzari zuzenean esku hartzeko eskatu diete.
Esku hartze horrek, zehazki, honako helburu hauek lortzeko izan beharko lukeela adierazi dute grebalariek: langileen lan baldintzak eta Gipuzkoako gainerako IAT zentroetako langileekiko dauden desberdintasunak konpontzeko bide eraginkorra sustatzeko; greba eskubidearen urraketari buruzko erantzukizunak argitzeko eta eskubide hori bermatzeko neurriak hartzeko; ordezko langilearen prestakuntzari eta aurkeztutako dokumentazioari buruzko ikerketa formala bultzatzeko; Itasua IAT zerbitzuaren kudeaketan araudia betetzen ari den egiaztatzeko, eta beharrezko kontrol publikoa bermatzeko; eta enpresaren eta langileen arteko gatazkari irtenbidea emateko benetako bitartekaritza eta negoziazioa sustatzeko.