Araiako parajeetara irteera antolatu dute Pagoetak eta Arkamurkak

Aritz Mutiozabal

Araiako urtegi txikia. (Pagoeta Mendi Elkartea)

Ibilbide erraza eta laburra izanagatik ere, "oso interesgarria" izango dela azpimarratu dute antolatzaileek. Izan ere, bidea ikusten dituzten gauzen eta bizidun interesgarrien inguruko azalpenak emango dituzte. Irteeran igande honetan egingo dute.

Urtero bezala, Arkamurka Natur Taldeak eta Pagoeta Mendi Elkarteak elkarrekin antolatu dute urteko azken irteera, eta datorren igandean egingo dute, azaroaren 22an. Araiako (Araba) inguruak ezagutzera joango dira, eta proposatzen duten ibilbidea erraza eta laburra da –6,3 kilometro eta 250 metroko desnibela–, baina "oso interesgarria" dela nabarmendu dute.

Fabrika zahar batetik abiatuko dira eta goraka egingo dute ametz-motzak eta ur jauzi bat ikusiz. Errekaren gaineko urtegi txiki batean azalpen batzuk eman ondoren, kanal batetik jarraituko dute eta bidean haritz mota asko ikusteko aukera izango dute. Marutegi gaztelura igotzeko aukera egon da, baina eguraldi umelagatik arriskutsua izan daitekela adierazi dute antolatzaileek. Jarraian, geldiune bat egingo dugu panel informatiboa dagoen lekuan. Gainera, ibilbidean zehar ikusten dituzten bizidun interesgarriak aipatzen joango dira; izan ere, perretxiko, narrasti eta hegazti asko dago.

Aurten ere, hamaiketakoa Pagoeta elkartearen kontura izango da. Eguraldiaren arabera ikusiko dute mendian egin ala autobus inguruan. 

Irteeran parte hartu nahi dutenek Mendizabal kinkila-dendan eman dezakete izena, ostirala bitartean. Autobusa igande goizean abiatuko da, 07:30ean, Agoueseneko biribilgunetik.

Gaurko ametsak biharko albiste izan daitezen, beharrezkoa dugu zure babesa.


Egin bazkide