'Euforia' dantza ikuskizun garaikidea eskainiko dute gaur, Modelon

Aritz Mutiozabal

Obra honekin 15. urteurrena ospatzen ari da Cielo Raso dantza konpainia. Emanaldia 20:00etan izango da, eta oraindik sarrerak daude salgai. 

Cielo Raso konpainiak Euforia dantza ikuskizun garaikidea eskainiko du gaur arratsean, 20:00etatik aurrera, Modelo aretoan. Igor Calonge koreografoak ondutako obra honek erresistentzia, maitasuna, askatasuna eta denboraren inguruko hausnarketa proposatzen du, eta horretarako hizkuntza fisiko indartsua aurkeztuko dute taula gainean, modu zintzoan bezain poetikoan.

Cielo Raso konpainiak 15. urteurrena ospatzen du lan honekin, eta dantzariek etengabeko bilakaera eta emozioen intentsitatea irudikatzen dituzte. Euforia ikuskizunean ondorengo lagunek hartuko dute parte: Toni Aguilerak, Maialen Mariezkurrenak, Jon Veernierrek, David Candelak eta Ainhoa Usandizagak, hain zuzen ere.

Emanaldirako sarrerak 10,50 euro balio du eta Modeloko txarteldegian bertan eros daiteke edo Kutxabanken atari digitalean.

Gaurko ametsak biharko albiste izan daitezen, beharrezkoa dugu zure babesa.


Egin bazkide