Datozen asteetan, Gipuzkoako Urak eta Zarauzko Udala Jautarkol kalean arituko dira lanean, inguruko saneamendu eta euri-uren sareak berritzeko asmoz. Bi erakundeen arteko elkarlan hitzarmenaren barruan egingo dituzte lanak: Gipuzkoako Ur Kontsortzioak herriko hoditeria azpiegiturak hobetzeko inbertsioa egingo du, eta udalak, berriz, eskuhartzea amaitutakoan, gunea berrurbanizatuko du.
Lehendabizi, inguruko etxebizitzei eta inguruneari eragiten dieten saneamendu eta euri-uren sareak berrituko dituzte, eta ondoren, udalak kaleko espaloietako zoladura berritzeko lanak egingo ditu. Hori horrela, obrek trafikoan eragina izango dute, izan ere, errepidearen azpian egingo dituzte lanak. Lanen beharren arabera, inguruko ibilgailuen zirkulazioa desbideratu egingo da, baina oinezkoentzat ez da eragozpenik aurreikusten.
Xabier Txurruka alkateak esandakoaren arabera, "EH Bilduk Nafarroa kaleko biribilgunea egin zuen garaian, gune horretako etxeen saneamendua kolektore zaharrera lotuta utzi zuen", eta gogorarazi du Gipuzkoako Urakek Jautarkol kalean obrak hasiko dituela, "ordutik inguruko bizilagunek ur zikinen sarearekin pairatu dituzten arazoak konpontzeko”.
Ekin enpresari esleitu dizkiote lanak, eta lau astean amaitzea aurreikusten dute. Halaber, udalak berrurbanizazio lanetarako egin beharreko inbertsioa 43.448,42 eurokoa izango da.