Garaipenez betetako asteburua izan da futboleko lehen taldeentzat, izan ere, gogor borrokatutako hiru puntuak ekarri dituzte etxera. Lan bikaina egin zuten emakumezkoek Basaurin (Bizkaia), eta asteburu borobila izan zuten. Era berean, gizonezkoek maila bikaina erakutsi zuten Astiko futbol zelaian.
Atzo jokatu zuen partidua emakumezkoen lehen taldeak, eta gol bakarrarekin garaitu zuten Basauriko taldea. Atea hutsean mantentzea lortu zuten zarauztarrek, eta 1-0 markagailuarekin garaitu zuten Indartsu kluba.
Gizonezko lehen taldeari dagokionez, gogor borrokatu zuten etxeko partidua, eta Beti Gazte garaitzea lortu zuten, markagailua 2-0 itxiz. David Singleton jokalariak jakitera eman duenez, norgehiagoka "gogorra" izan zen, izan ere, Lesakako taldeak lehen minututik beraien jokora eraman zituzten zarauztarrak. Hala ere, etxeko taldea "nahiko ondo" moldatu zen jardunaldi osoan zehar. Lehen zatiaren amaieran gol bat sartu eta aurretik jartzea lortu zuten. Atsedenaldian, "hobetu eta aldatu beharrekoak" komentatu zituzten zarauztarrek, eta bigarren zatira "indarrarekin" atera ziren. Azken 10 minutuetan bigarren gola sartu zuen etxeko taldeak, eta "hiru puntu garrantzitsu" lortu zituen "goian mantentzeko".