Zarauzko saihesbide berriaren obrak azken fasean murgilduta daude, eta amaitzeko dauden lanean artean, Asti-Irita biribilgunea bukatzea dago. Hori egiteko, azaroaren 11tik 13ra bitarteko gauetan, biribilgunea itxita egongo da asfaltatze eta pintaketa lanak egiteko. Horregatik, lanek irauten duten bitartean, hiru gautan itxita egongo dira biribilgunera sartzeko eta irteteko bideak. Azaroaren 11n, 12an eta 13an, beraz, eremu hori itxita egongo da 21:00etatik 06:30era.
Gau horietan saihesbideko sarrerak eta irteerak guztiz itxita egongo dira ibilgailu guztientzat, Bilboko noranzkotik herrira sartu nahi dutenentzat izan ezik. Gainerako ibilgailuek Orioko eta Zestoa-Zumaiako lotunetik iritsi beharko dute Zarautzera eta Getariara. Irteerei dagokienez, ezingo da Zarauzko sarreratik autobidera atera; ordu tarte horietan Oriotik atera beharko dute ibilgailuek Donostiarako noranzkoa hartzeko eta Zestoa-Zumaiatik Bilbora abiatzeko. Halaber, Asti auzora sartu eta handik irten nahi duten ibilgailuek Buztinzuriko bidea baliatu beharko dute.