Azaroaren 11ko greba orokorra

Arratsaldean egingo dute Zarautzen greba eguneko mobilizazio nagusia

Eneko Eizagirre Perez

Pankarta bat. (Etxebizitza Sindikatu Sozialista)

Etxebizitza Sindikatu Sozialistak nahiz ELA eta LAB sindikatuek elkarlanean prestatu dute datorren azaroaren 11ko greba egunerako egitaraua. Goizean bizikleta martxa egingo dute, eta gero, eguerdian, Donostiako manifestazioan parte hartzeko deia egin diete herritarrei. 18:00etan izango da Zarauzko mobilizazio nagusia, Lege Zaharren Enparantzatik hasita.

Azaroaren 11rako deituta dagoen greba orokorraren bueltan, Zarautzen hainbat ekintza antolatu dituzte Etxebizitza Sindikatu Sozialistak nahiz ELA eta LAB sindikatuek elkarlanean. Etxebizitza eskubidea bermatzeko eta espekulazioaren aurka antolatzeko, goizetik arratsaldera bitarterako antolatu dituzte jarduerak herrian, eta, halaber, Donostian egingo den manifestaziora joateko deia egin dute.

Zarautzen 08:30ean izango da greba eguneko lehen hitzordua; izan ere, Salbatore Mitxelena ikastolaren paretik hasita, bizikleta martxa egingo dute. Ondoren, Donostiako manifestazio orokorrera joateko 10:08eko trena hartzera animatu dituzte herritarrak; 12:30ean izango da manifestazioa, Pio XII kaletik abiatuta. Arratsaldean izango da eguneko mobilizazio nagusia herrian. Hain zuzen ere, 18:00etarako jarri dute hitzordua Lege Zaharren Enparantzan.

Hemen azaroaren 11ko greba egunerako egitaraua:

  • 08:30. Bizikleta martxa (Salbatore Mitxelena ikastolaren paretik hasita)
  • 10:08. Trena Donostiara joateko
  • 12:30. Manifestazioa, Donostian.
  • 18:00. Mobilizazioa Zarautzen, Lege Zaharren Enparantzatik abiatuta.

Gaurko ametsak biharko albiste izan daitezen, beharrezkoa dugu zure babesa.


Egin bazkide