Arkamurkaren Natura Elkarteak naturaren ezagutza eta dibulgazioa erdigunean jarri zituen 47. Natura Astean. Bertan, herritarrei naturaren inguruko ikuspegi zabal eta eguneratua eskaini zieten, eta hainbat jardueraz gozatzeko aukera izan zuten, esaterako, hitzaldiez, solasaldiez eta erakusketez, besteak beste.
Elkartearen webgunean, Natura Astean bizitako bi hitzaldi eta erakusketako hainbat argazki ikusteko aukera dago. Merkatu plazan egindako erakusketan perretxikoak, haziak eta fruituak, eta geologia izan ziren protagonista nagusiak. Era berean, Aranzadi zientzia elkarteko eta Arkamurkako kide Joxepo Teresen Gipuzkoako onddoen katalogoa. Zergatik eta zertarako? hitzaldia, eta Eñaut Izagirre glaziologoak Glaziarren gainbehera eta muturreko fenomenoak dokumentala ikusi ondoren eskainitako solasaldia ikus daitezke bertan.
Bestalde, Natura Astetik kanpo, Arkamurka elkartearen eta Zarauzko Udalaren ekimenez, Francisco Jose Vaquero Robustillok zuzendutako Ladrones de Fuego dokumentalaz gozatzeko aukera izan zuten herritarrek urriaren 29an, eta gaiaren inguruko solasaldia eskaini zuen dokumentalaren egileak. Arkamurkaren webgunean solasaldia ikusteko aukera dago.