Urriaren 29ean ekin zion Malen Monasterio ZKE Halterofiliako kirolari zarauztarrak Munduko Absolutu Mailako Halterofilia Txapelketari, Txinako Ningbo hirian. 53 kiloko kategorian, C taldean, lehiatu da Monasterio, eta bere denboraldiko marka onenak hobetu ditu nazioarteko hitzordu nagusian.
Arrankada modalitatean 78 kilo altxatu zituen lehen saiakeran. Bigarrenean 80 kiloko ahalegina huts egin bazuen ere, hirugarrenean pisu hori gainditzea lortu zuen, denboraldiko marka onena ezarriz. Bere taldean zortzigarren postuan amaitu zuen modalitate hori. Bi denboratan, berriz, 98 kilo altxatu zituen lehen saiakeran; ondorengo bi saiakeretan ezin izan zuen 100 kiloko langa gainditu.
Guztira, 178 kiloko total olinpikoa lortu zuen zarauztarrak, bere taldean hamargarren postua eskuratuta. Marka horrekin, duela gutxi Durrësen (Albania) jokatutako Europako Junior eta Sub-23 Txapelketan brontzezko bi domina lortzeko egindako 176 kiloko marka hobetu du, bi kilotan. Era berean, maila absolutuan bere progresioa berretsi du.
Ningboko txapelketa nazioarteko zirkuitu absolutuan Monasteriok jokatu duen bigarren hitzordu nagusia izan da apirilean Batumin (Georgia) jokatutako Europako Txapelketaren ondoren. ZKE Halterofiliak Monasterio zoriondu du "munduko puntako kirolarien artean lehiatzen jarraitzeagatik eta kluba zein Euskadiko halterofilia maila gorenean ordezkatzeagatik".
Hurrengo hitzorduak
Munduko Txapelketaren ondoren, ZKE Halterofiliak hainbat hitzordu izango ditu datozen asteetan. Azaroaren 14an Espainiako Junior Txapelketa jokatuko dute Ourensen (Galizia), klubeko zazpi kirolari sailkatuta. Bi aste geroago, azaroaren 28an, Erregearen eta Erreginaren Kopako azken fasea hartuko du Zarautzek.
Abenduan, berriz, Malen Monasteriok Olinpiar Sailkapen Proban parte hartuko du, Qatarren jokatuko den IWF Grand Prix txapelketan. Abenduaren 12an, berriz, Gipuzkoako Senior eta Master Txapelketa izango da Irunen (Gipuzkoa).