Aner Peritz: "Ez dut uste inork prestatzeko formula magikorik duenik"

Enara Ariznabarreta

Aner Peritz Lekeitioko saioan. (Bertsozale elkartea)

Euskal Herriko Bertsolari Txapelketaren finalerdietan ariko da Aner Peritz (Zarautz, 2002). Larunbat honetan, bigarren itzulirako txartela izango du jokoan Gernikan.

Larunbatean jokatuko duzu lehen itzuliko finalerdia Gernikan. Nola ari zara bizitzen egun hauek?

Aspalditik nekien Euskal Herriko Bertsolari Txapelketan abestuko nuela, lehenengo fasean egongo nintzela. Zentzu horretan, aurreko saioan alde horretatik nahiko kokatuta nengoela uste dut. Baina bigarren fasera pasatu naizela asimilatzeko denbora gutxiago izan dut, eta, egia esan, urduri nago, baina abesteko gogotsu.

Lehen aldia duzu Euskal Herriko txapelketan.

Guztiz berria da niretzat. 2024an lehen aldiz kantatu nuen Gipuzkoako Txapelketan, eta orain, Euskal Herrikoan ere lehen aldia dut. Begi berriekin ari naiz ikusten dena, eta guztia probatzen. Dena eta izan zitekeena ikusten ari naiz. Nobedade sentsazioa gailentzen zait, horrelako leku baten kantatzea zer den, nolako ondorioak dituen eta zer handitasun izan dezakeen deskubritzen ari naiz. Horrek ere urduritasuna sortzen dit; izan ere, bertsolari batzuek urte dezente daramatzate, eta ni berria naiz. Horrek, seguru asko, ezjakintasuna eta urduritasuna areagotzen dizkit, batetik, baina aldi berean, dena deskubritzeko eta irabazteko dudala sentitzen dut.

2024an birala egin zen zure bertso bat. Ondorioez ari garela, nola kudeatzen da hori?

Espero gabea izan zen, eta bere garaian, ahal nuen bezala kudeatu nuen hura. Plaza handiak dira eta jarraipen mediatikoa izaten dute, eta bigarren fase honetan ere jarraipen handiagoa ari da izaten txapelketa. Zentzu horretan, daukadan sentsazioa da, egiten duguna egiten dugula, jende askorengana iritsiko dela.

Horri lotuta, ardura pixka bat badugu kantatzen eta egiten dugunarekiko. Aldi berean, kontziente gara esan nahi ditugun gauzak esateko eta gure ikuspuntuak adierazteko aukera handia dela txapelketa hau, eta aukera hori aprobetxatu beharra daukagula. Beraz, horrelako mikrofono bat eta horrelako ikusgarritasuna edukitzeak izan ditzala balio eta funtzio onak, behintzat. Ikusgarritasun horretarako eta horrek izan ditzakeen ondorio posibleetarako prest egoten jakin behar da, eta hori horrela dela jakinda, ardura hartzen jakin.

Kantatzen ari zaren unean ba al dakizu bertso hori biral bilakatuko dela?

Uste dut, orokorrean, bertso munduan biralizazioaren fenomenoa ez dagoela hain presente. 2024ko bertso hark faktore askorengatik izan zuen oihartzuna, baina ez dago horrelako ibilbidea eta transzendentzia hartzen duen bertso asko. Ni, une hartan, ez nintzen kontziente, eta orain ere ez dut hala izango denaren sentsaziorik. Bertso bat nahiko ondo ari bazaizu ateratzen, badakizu seguru asko jende gehiagorengana iritsiko dela, eta posible dela jendeak iritzi gehiago ematea. Beste batzutan, berriz, jakitun zara ahal duzuna egiten ari zarela eta ez duela inongo transzendentziarik izango.

Orokorrean, nahiko neurri jakinen barruan ibiltzen gara, eta badakigu zein den bertso batek izan dezakeen oihartzuna. Badakigu zeintzuk diren txapelketari jarraipena egiten ari diren hedabideak, eta suposatzen duzu horiek atera dezaketela kantatzen duzuneko zerbait. Ez dut uste ohiko neurri horretatik kanpo ezer espero denik. Horregatik pentsatzen dut ere halakoak pasatu izan direnetan sorpresaz hartu ditugula eta espero gabeak izan direla. Nirea ere halaxe izan zen, normaletik kanpokoa.

Zerbait berritzailea egiten ari zaren sentsazioa al duzu?

Ez dut uste ezer indibiduala denik. Zorionez, bertsolaritzak azken hamarkadetan aldaketa handiak izan ditu, batez ere, bertsolari eta bertso munduko eragile feministei esker, eta ni hor kokatzen naiz. Bertsolaritzaren ohiko molde asko apurtu dituen eta apurtzen jarraitzen duen jende pila bat dagoela uste dut. Mugimendu horren barruan nagoela kontsideratzen dut, baina bat gehiago naiz. Horregatik du zentzua, ez delako indibidualki egiten dugun zerbait, baizik eta talde bat garelako.

Erabaki kontzienteekin eta ideia partekatuekin egiten ditugu egiten ditugun gauzak eta hartzen ditugu hartzen ditugun erabakiak, bertsolaritza ere aldatu dadin, gizartea eraldatzeko gure borroketan eta ahaleginetan saiatzen garen bezalaxe. Ez daukat nire kontua bakarrik denaren sentsazioa. Zorionez, talde oso babestua eta ederra daukagu, eta denon artean ari gara gauza hauek egiten, pentsatzen eta eragiten. Horri esker du honek guztiak zentzua.

Finalerdi batek prestakuntza berezia eskatzen al du?

Prestatzen ari naiz, baina askotan, ez dakizu nola prestatu behar den. Uste dut gehientsuenok antzera prestatzen ditugula txapelketak, batzuk urduritasun gehiagorekin, eta beste batzuk ez hainbesterekin. Normalean, elkartu egiten gara bertsolari batzuk gure artean, bertsotan egiteko eta horiek komentatzeko. Ariketak probatzen, elkarri gaiak jartzen, gai horiekin kantatzen, zer egingo genukeen desberdin eta gauza bakoitzak zein zalantza sortu dizkigun komentatzen aritzen gara. Era berean, zer plaza mota den eta zer dimentsio hartzen dituen ikusita, mentalki ere prestatzen ari naiz. Ez dut uste aurreko fasetik hona entrenatzeko modua bereziki aldatu dudanik. Jarraitzea, presente izatea eta une bakoitzean egin behar duzun horretara egokitzea da kontua. Denak antzera aritzen gara, eta ez dut uste inork formula magikorik duenik.

Gaurko ametsak biharko albiste izan daitezen, beharrezkoa dugu zure babesa.


Egin bazkide