Jakinduriek mundue erreko dau ekimena Zarautzera iritsi zen bart eta EHUko Kultura Zientifikoko Katedrak eta ZarautzOn elkarteak elkarlanean, martxan jarri zuten jarduna 19:00etan. Saioaren helburua, bertsoak tarteko, modu erakargarrian, gai zientifikoak jorratzea zen. Horretarako, Andoni Egañak eta Eli Pagolak ahotsa eta errima jarri zizkieten Arantzazu Luzarraga, Jon Gardoki eta Xabier Arregi zientzia adituek proposatutako gaiei.
Dozenaka lagun gerturatu ziren Modelora ekimena ikusteko eta oholtza gaineko zientzialariak eta bertsolariak modu finean aritu ziren gaiak jorratzen. Adituek mahai gainean jarritako gaiak konplexuak baziren ere, modu azkarrean eta ulergarrian azaldu zituzten. Besteak beste, adimen artifizialaren, geologiaren edota arkitekturaren inguruko gaiak atera ziren hitzorduan zehar. Bertsolariek ere ez zuten hutsik egin gaien inguruan abesterakoan. Bestalde, azpimarragarria izan zen Kike Amonarriz aurkezlearen parte hartzea, izan ere, ikusleekin izan zuen kimika oso aberasgarria zian zen hitzordu osoan zehar.
Ondorioz, arratsalde zoragarri bat igaro zuten Modelora gerturatutako lagunek eta ziur, jakintsuagoak izaten atera zirela aretotik bertaratutako guztiak. Izan ere, modu dibertigarrian ere ikasi daiteke zientziaren inguruan, kasu honetan, bertsoen bitartez ere.