Udalak kiroldegiko estalkia eta egurrezko egitura konpontzeko lanak atera ditu lehiaketara

Enara Ariznabarreta

Zarauzko Aritzbatalde kiroldegia. (Aritz Mutiozabal)

Zati zaharreko obren oinarrizko aurrekontua 84.000 eurokoa da; zati berriko obrena, berriz, 213.124,24 eurokoa. Enpresa adjudikatzaileek bi eta hiru hilabete izango dituzte lanak gauzatzeko.

Zarauzko Udalak Aritzbatalde kiroldegiko estalkia eta egurrezko egitura konpontzeko bi obra atera ditu lehiaketara. Bata, kiroldegiaren zati zaharreko egurrezko egitura konpontzeko lanak egiteko, eta bestea, eraikinaren handitze-lanetan egindako zatiko estalkia birgaitzeko.

Zati zaharreko egurrezko egitura konpontzeko lanek 84.000 euroko aurrekontua dute, BEZa barne (69.421,49 euro gehi 14.578,51 euro BEZ). Enpresa esleipendunak bi hilabeteko epea izango du lanak gauzatzeko. Kiroldegiaren zati berriko estalkia birgaitzeko obrek, berriz, 213.124,24 euroko aurrekontua dute, BEZa barne (176.135,73 euro gehi 36.988,51 euro BEZ), eta hiru hilabeteko epea aurreikusi dute lanak egiteko.

Bi lizitazioetako eskaintzak aurkezteko epea azaroaren 30ean amaituko da, gauerdian. Proposamenak Euskadiko Kontratazio Publikoaren Plataformaren bidez aurkeztu beharko dituzte interesa duten enpresek.

Gaurko ametsak biharko albiste izan daitezen, beharrezkoa dugu zure babesa.


Egin bazkide