1976ko irudia errepikatu dute Iribarrek eta Kortabarriak

Intza Trula

Iribar eta Kortabarria atzo, San Mamesen, ikurrinarekin. (Utzitakoa)

Jose Angel Iribar eta Inaxio Kortabarria jokalari ohiak ikurrina eskuetan zutela sartu ziren atzo San Mamesera, duela 50 urteko euskal derbian bezala. Garai hartan debekatuta zegoen ikurrina, eta aldarrikapen modura baliatu zuten futbolariek hitzordua.

Historian iltzatuta geratuko zen derbia jokatu zuten Realak eta Athleticek 1976ko abenduaren 5ean Atotxan, baina ez partidaren emaitzagatik: neurketaren atarian, orduan debekatuta zegoen ikurrina atera zuten zelai erdira Jose Angel Iribarrek eta Inaxio Kortabarriak, aldarrikapen modura. 50 urte geroago, atzo iluntzean, irudia errepikatu zuten bi protagonistek San Mamesen jokatutako euskal derbian.

Duela mende erdi bezala, ikurrinaren alde banatan jarrita zelairatu ziren Athleticeko zein Realeko kapitain ohiak, bi taldeetako jokalariek egindako pasillotik barrena. Harmailetan ere duela 50 urte gertatutako irudia errepikatu zen: txalo zaparrada luze batekin eskertu eta goraipatu zuten zaleek bi jokalarien keinua.

Gaurko ametsak biharko albiste izan daitezen, beharrezkoa dugu zure babesa.


Egin bazkide