EH Bilduk EAJk UEMAn aho batez babestu zuen mozioa Zarautzera ez eramatea salatu du

Enara Ariznabarreta

Esnatu dinamika aurkezteko Zarauzko saioan parte hartu zuten eragileak. (Utzitakoa)

EH Bilduk EAJk UEMAren zuzendaritzan aho batez babestutako mozioa baztertu eta PSE-EErekin beste mozio bat aurkeztu duela kritikatu du, "koherentzia falta" dela argudiatuz.

Zarauzko EH Bilduk EAJren jarrera kritikatu du euskararen biziberritzeari buruzko mozioaren harira. Koalizioak azaldu du Udalerri Euskaldunen Mankomunitateak (UEMA) proposatutako mozioa udalbatzarreraa eramateko eskatu zuela, Esnatu dinamikarekin bat egin eta euskararen aldeko konpromiso zehatzak hartzeko. Horren ordez, EAJ eta PSE-EEren udal gobernuak beste mozio bat aurkeztu duela salatu du, UEMAren proposamena "urardotzen" duela iritzita.

EH Bilduko Eider Gurrutxagaren arabera, bi testuek antzekotasunak izan arren, konpromiso maila desberdinak jasotzen dituzte. Esaterako, UEMAren mozioak "doako euskalduntzea bermatzea" proposatzen du; EAJ eta PSE-EErenak, berriz, matrikularen doakotasuna sustatzea. Etorri berrien kasuan ere, UEMAk euskarara gerturatzeko bitartekoak areagotzea proposatzen du. EAJk bitartekoak jartzea, bereziki AISA ikastaroak sustatzea jasotzen du. EH Bilduren arabera, azken neurri hori dagoeneko martxan dago.

Koalizioak nabarmendu du EAJk bi mozioei eman ziela aldeko botoa, nahiz eta haren ustez testuek euskararen egoerari buruzko irakurketa eta udalari eskatzen dioten konpromiso maila desberdinak izan. "Zein da Zarauzko EAJren benetako arrazoia, UEMAko kide izanik, bere mozioa ez eramateko udalera?", galdetu du Gurrutxagak.

UEMAren zuzendaritzaren babesa

EH Bilduk UEMAren Esnatu dinamikaren testuinguruan kokatu du eztabaida. Koalizioak gogorarazi du Siadecok UEMArentzat egindako ikerketaren arabera, orain arteko joerak bere horretan mantenduz gero euskarak atzera egingo duela eremu euskaldunenetan ere. Gainera, azpimarratu du egoera horri erantzuteko aurkeztu zuela UEMAk Esnatu dinamika maiatzean, eta ekainean udalentzako mozio eredua aho batez onartu zuela zuzendaritzak, EAJko ordezkarien botoekin.

EH Bilduren arabera, ordutik UEMAko 40 udal baino gehiagok onartu dute mozioa, gehienetan aho batez. Horregatik, koalizioak "kontraesankortzat" jo du Zarauzko EAJren jarrera, batez ere kontuan hartuta Zarautz UEMAko kide dela eta udal gobernuko Irune Urbieta EAJko zinegotzia UEMAko lehendakariordea dela.

Bestalde, EH Bilduk kritikatu egin ditu PSE-EEko Inaxio Illarramendik udalbatzan egindako adierazpenak. Izan ere, haren esanetan, UEMAren jarduera eta eskakizunak "baztertzaileak" eta "oztopatzaileak" direla adierazi zuen. EH Bilduren ustez, ez dira onargarriak halako balorazioak.

"Koherentzia falta"

Koalizioak, gainera, "udal gobernuak herritarrei esandakoa eta egiten duena" bat ez datozela salatu du. EH Bilduren arabera, duela hiru aste udalak saio bat egin zuen herriko eragile eta herritarrekin, Esnatu dinamikaren konpromisoak hartzera gonbidatzeko. Saio hartan, lurgune euskalduna indartsu mantentzeko beharra azpimarratu zela azaldu du. "Benetan hori pentsatzen badu, zergatik ez du orain horren defentsa garbia egiten? Koherentzia falta nabarmena erakusten du honek", adierazi du koalizioak.

EH Bilduk gogorarazi du Zarautz UEMAko udalerririk handiena dela, eta, horrenbestez, "ardura berezia" duela euskararen inguruko politiketan. "Adostasun zabalaz hitz egitea erraza da. Baina benetako adostasunak arazoaren larritasuna aitortzea eta neurriak hartzea eskatzen du", nabarmendu du.

Gurrutxagak, azkenik, EAJren aurreko adierazpen batzuk ere kritikatu ditu. Haren esanetan, EAJk Zarautzen euskararen egoera "oso ona" dela esan izan du, baina hori ez dator bat Siadecok egindako azterketarekin. "Ezer ez egitea arduragabea da. Gu ez gaude prest partida galdutzat emateko eta gure esku dagoen guztia egingo dugu", adierazi du EH Bilduren izenean.

Gaurko ametsak biharko albiste izan daitezen, beharrezkoa dugu zure babesa.


Egin bazkide