Euskal futbolaren une gogoangarrienetako bat errepikatuko du Jose Angel Iribar zarauztarrak igande honetan, 21:00etan San Mamesen jokatuko duten Athleticen eta Realaren arteko derbian. Athleticeko kapitain ohiak eta Inaxio Kortabarria Realeko kapitain ohiak 1976an Atotxan erabili zuten jatorrizko ikurrina zelairatuko dute.
Ekitaldia partidaren atariko uneetan egingo dute. Bi klubek elkarlanean bultzatutako ekimenaren bidez, Iribar eta Kortabarria zelaian sartuko dira ikurrina eskuetan dutela, eta Edin Terzicen zein Pellegrino Matarazzoren taldeetako jokalariek ohorezko pasilloa egingo diete. Ondoren, egungo futbolariekin batera argazkia egingo dute, duela mende erdi bi taldeetako jokalariek abiatutako aldarrikapena berreskuratu eta gaurkotzeko.
Igandean erakutsiko duten ikurrinak aztarna sakona utzi zuen euskal gizartearen memorian . 1976ko abenduaren 5ean, Francoren hil eta gutxira eta ikurrina erabat debekatuta zegoenean, Iribarrek eta Kortabarriak zelaiaren erdigunera eraman zuten.