Planoa 1976koa da, duela mende erdikoa. 1436 itsasontzi babestuko zituen kirol-portu baten asmoa. Gehi 600 aparkaleku eta instalazioak. Zarauzko Mendilautan kokatuko zen kirol-portu hau, golfa ia osoa hartuz, hondartzari azken 300 metroak janaz eta itsasoari ere pusketa eder bat kenduz. Proiektua ez zen gauzatu baina planoak erakusten digu garai hartako agintarien (Diputazioa, kasu honetan) burutan zeuden egitasmoak.
Ez dakit eraikuntza hau defendatuko lukeen inork gaur egun. Defendatzeko arrazoiak badira noski: lanpostuak, ekonomiaren susperraldia, itsas zaletasuna... Orduan honela esaten zen “... el consiguiente fomento de las numerosas actividades y servicios complementarios que se desarrollan siempre alrededor del nucleo aglutinador de un puerto deportivo”. Baina susmoa daukat berrogeita hamar urte hauetan zarauztarron pentsaera aldatzen joan dela, eta lehen hainbeste baloratzen ez zen elementu batek aberastu duela gure pentsamoldea: natura bere horretan mantentzearen balioa, eta zerbait aldatzekotan izan dadila erabateko premia dagoelako. Eraikuntza berri baten justifikazioa eztabaidatzerakoan ez da berdin hospital baten premia planteatzea edo kirol-portu batena. Edo babestutako etxeen beharra, golfeko zelai baten beharrarekin konparatzea. Etorkizunean, bizitzeko beharrezkoak ditugun elementuen zerrenda ongi zehaztuta izan beharko dugula iruditzen zait. Eta hortik haratago joan nahi dutenen aurrean horma sozial kontziente sendo bat eraiki.
Pentsamendu bera etortzen zait Klarisetako Amalur zelai zabal berritik pasatzen naizenean. Badakit batzuk espazio hori etxez, aparkalekuz edo zerbaitez betetzearekin amestuko dutela. Baina pareko pentsamendua ere indartsu dagoela zarauztarren artean iruditzen zait: zer lasaigune ederra sortu zaigun herriaren erdian, bere horretan mantentzea komeni da hurrengoei dagoen bezala ezer ikutu gabe pasa ahal izateko, defendatzen duena.
Kirol-portura itzuliz, gaurko Zarautz hau oso bestelakoa izango zen proiektu hori burutu izan balitz. Hobeagoa edo okerragoa litzatekeen esateko gauza ez naiz ni, baldintza ia guztietara moldatzen baikara gizakiak. Baina plano horretan begirada pausatzen dudan bakoitzean barneko sentimendu batek biltzen nau: eskerrak ez zen Mendilautako kirol-portuaren proiektua gauzatu. Parekorik ez duen paraje hori ederra dago gaur bere arrain, mendi, hondar, itsaso, erreka, olatu eta harralde guztien arteko konbinazioan. Elkar dantza etengabean. Balio horiek guztiak galtzearen parekoa litzateke hor kirol-portu bat jartzea .
3-4 kilometrora, Zarautz eta Getaria arteko Ubiri deritzon parajean beste kirol-portu bat planteatu zen urte berean, 767 ontzientzat. Proiektu honen zailtasuna ez zetorren hainbeste menditik aldika-aldika jausten diren lur-jauzietatik, itsas-hondoa drenatzea oso garestia zelako baizik.
Gogoeta moduko batekin amaituko dut. Alde batetik gizakion desirak eta apetak daude, mugagabeak, infinitoak, batez ere egoera ekonomikoak gorantz egiten duenean, klase ertain berriak sortuz. Beste aldetik naturak berez dituen mugak daude. Horregatik etorkizunean konpontzeko arazo garrantzisu bat horixe bera izango da: nola kudeatu gure desioen eta naturaren arteko erlazioa. Hori eta ‘utzi pakean natura’ aipatu dudan etorkizunez betetako pentsamoldea. Horrek ere asko lagunduko du gauzak bere oreka bizigarri batean mantentzen.