Euskal Herriko harri jasotze txapelketa ospatuko da bihar Abadiñon 12:00etan eta hiru zarauztar egongo dira bertan parte hartzen; Nesken kintopekoen harri jasotze txapelketan arituko da Maddi Gesalaga, eta gizonezkoetan, berriz, Mikel Lopetegi Urrak eta Xabat Olaizolak harri txikien harri jasotze txapelketan lehiatuko dute.
Gesalagak lehengo urtean eskuratutako txapela defendatuko du biharko txapelketan. Bere aurrean, Goizeder Abendibar, Maddi Salterain eta Anne Orcaray kirolariak izango ditu lehian. Gizonezkoen kasuan ere, Urra zarauztarra aurreko urteko garaile modura iritsiko da lehiaketara eta Olaizola aurkarien artean duela, Jon Gisasola eta Eneko Bilbao ere izango ditu parez pare.
Egin beharrekoei dagokionez, honakoak izango dira probak: emakumezkoek hiru minutuan ahalik altxaldi gehien egin beharko dituzte, eta horretarako bi harri erabiliko dituzte: 50 kiloko kubikoa eta 50 kiloko zilindro zaharra. Gizonezkoek, berriz, 100 kiloko bola, 112,5 kiloko kuboa, 125 kiloko zilindroa eta 125 kiloko errektangularra altxa beharko dituzte, eta bakoitzarekin hiru minutu izango dituzte ahalik eta altxaldi gehien egiteko.