Amenabar Zarautzek ezin izan zuen eskubaloiko Espainiako Kopako lehen kanporaketa gainditu, atzo arratsaldean Viveros Herol BM Nava taldearen aurka 30-41 galdu ondoren. Aritzbatalde kiroldegia jendez bete zen norgehiagoka garrantzitsua ikusteko: zarauztarrek Asobal ligako talde baten aurka neurtu zituen indarrak, eta ikusmin handia sortu zen zaleen artean. Ilusioa ere piztu zuten Mikel Agirrezabalagaren mutilek hasierako minutuetan 2-0 aurretik jarrita markagailuan, baina Segoviako taldeak berehala uxatu zituen Amenabarren ametsak eta aise jarri ziren aurretik, joko indartsua erakutsiz.
Atsedenaldira 14-23koarekin iritsi ziren, eta bigarren zatian zarauztarrak gogotsu atera baziren ere, Navako jokalariak lehengo bidetik jarraitu zuten. 13 goleko aldea ere atera zieten, hasi eta zazpigarren minutuan (16-29). Pixkanaka-pixkanaka, ordea, etxekoek beren jokoa bilatu zuten eta alde hori zortzira jaistea lortu zuten, baina ordurako kanporaketa erabakita zegoen, eta, azkenean, 30-41ekoaren galdu zuen Amenabarrek.
Kopako porrota alde batera utzita, larunbat honetan ligako partida izango dute Antequeraren aurka, etxetik kanpo, 18:30ean. Aurkaria sailkapenaren hamalaugarren postuan dago, partida bakarra irabazita. Zarauztarrek garaipen bat behar dute lehenbailehen burua altxatzen hasteko, eta asteburu hau ardaytz izan daiteke.