Ruben Vitoria: "Etortzen den guztia egindako esfortzuaren emaitza da"

Eneko Eizagirre Perez

Ruben Vitoria. (Utzitakoa)

Espainiako Surf Federazioak Ruben Vitoria (Zarautz, 1999) hautatu du azaroaren 6tik 15era Perun jokatuko den Munduko Txapelketan ordezkari izateko.

Edonork ez du izaten munduko txapelketa bat jokatzeko aukera. Nolakoa izan da horra iristeko egindako bidea?

Surflari belaunaldi oso prestatu baten eta maila handiko surflari askoren artean egin dute hautaketa. Ni ahalik eta denboraldi onena egiten saiatu naiz, hori izan dut buruan une oro, ez hainbeste munduko txapelketa jokatzeko aukera. Ibilbide profesionala garatzeko asmoa izan dut beti buruan. 

Duela aste batzuk jaso nuen Ricardo Bilbao hautatzailearen deia, esanez Munduko Surf Txapelketa jokatuko nuela, eta sekulako poza sentitu nuen une horretan; izan ere, denboraldi osoan egindako lanak bere fruituak eman zituela ikusi nuen. Nire iritziz, surfari betidanik eskaini diodan dedikazioa eta kirol horrekiko dudan pasioa ikusi ditu hautatzaileak, eta horregatik jarri du konfiantza osoa niregan.

Munduko surflari onenen aurka lehiatzeko aukera izango duzu txapelketan. Presiorik sentitzen al duzu?

Babesleen aldetik, bai, presioa handia da. Hala ere, aurten beste ikuspuntu batekin joango naiz txapelketara. Lehengo urtean ere izan nintzen munduko txapelketa jokatzen, eta emaitza oso positiboarekin itzuli nintzen. Aurten, txapelketaz gozatu nahi dut munduko surflari onenen artean lehiatzen. Ez gaude ohituta horrelako formatuetan jokatzera. Horregatik, presioa alde batera utzi, eta orain arte egindako lan guztia erakutsiko diot munduari.

Taldeko sei kideetatik bost euskal herritarrak zarete, eta horietatik hiru, Uroka Kostakoak. Zer esan nahi du horrek zuretzat?

Euskal Herrian gauzak ongi egiten ari garenaren seinale da munduko txapelketan ikusiko dena. Surf kultura handia dugu hemen, baina horrez gain, esfortzuaren eta lanaren kultura ere badugula iruditzen zait. Eskualdetik Janire Gonzalez-Etxabarri, Nadia Erostarbe eta ni neu joango gara Perura lehiatzera, eta horrek sekulako harrotasuna sentiarazten digu. Txapelketa baten testuinguruan, estresa eta momentu txarrak kudeatzeko ezinbestekoa da talde on bat izatea, eta niretzat, altxor bat da horrelako uneak bizitza osoa elkarrekin surfean aritutako jendearekin partekatzea.

Esan bezala, betitik ezagutzen dugu elkar eta taldean dugun giroa oso ona da. Azken finean, gure arteko konpetentzia handia bada ere, lehiakortasun osasuntsua dela esango nuke; elkarri eragiten diogu, norberak bere onena emateko. 

Peruko Punta Roca eta El Bosque olatuetan izango da Munduko Txapelketa. Ezagutzen al duzu tokia?

Ezagutzen dut Peru, pare bat alditan egon naiz han, eta txapelketako olatuak ere surfeatu nituen pandemia aurretik. Oso gustura sentitu nintzen bertan, izan ere, jende atsegina da hangoa eta hainbat lagun ere egin nituen. Gainera, olatu oso onak daudela aitortu behar dut. Asko motibatzen nau herrialde hartara berriro itzultzeak, are gehiago, gainera, Munduko Surf Txapelketan parte hartzeko izango dela jakinda.

Olatuei dagokienez, dituzten ezagurriek surfa egiteko dudan modua nabarmendu dezaketela iruditzen zait. Beraz, gustuko dut lehiaketa Perun izatea.

Besteak beste, Brasilgo, AEBetako eta Australiako ordezkariek hartuko dute parte txapelketan. Besteak beste, zuretzat erreferente diren kirolari askoren aurka jokatuko duzu. Nola sentitzen zara txapelketaren atarian?

Gaur egun, sare sozialen bitartez ikus daitezke munduko surflari esanguratsuenak. Bideoetan, noski, beraien lorpenik ikusgarrienak agertzen dira, eta askotan, kirolari horiek idolotzat hartzeko joera dugu. Errealitatea, ordea, desberdina da. Surflari bikainak dira, baina beraiekin parez pare lehiatzean, aldea ez dela hain handia ikusten duzu. Hala ere, oso aberasgarria da erreferentetzat dituzun surflarien aurka lehiatzea. Iruditzen zait oso positiboak direla horrelako txapelketak norbera modu pertsonalean eta profesionalean garatzeko. Izan ere, zure burua mundu mailako surflari onenen artean ikusteak pertsona gisa asko aberasten zaitu.

2028ko Olinpiar Jokoak jokatzeko txartelak jokoan izango dira Munduko Txapelketan. Aukera hori amets bat da ala errealitate bihur daiteke?

Zaila izango da sailkapena lortzea baina horretara goaz. Badaude txapelketara indartsuago iritsiko diren beste herrialde batzuk, baina guk ere baditugu gure argudioak Olinpiar Jokoetako txartela eskuratzeko. Janire Gonzalez-Etxabarri joan den urtean munduko txapelduna izan zen eta Nadia Erostarbe ere lehen mailan ari da leihatzen, eta aurreko Olinpiar Jokoetan bosgarren postua eskuratu zuen. 

Hala ere, Olinpiar Jokoetarako sailkapena ez da buruan dudan kontu bat; nik nire bidea egin nahi dut, eta ondoren etorriko dena nire esfortzuaren emaitza izango da. Helburu nagusia da txapelketara ahalik eta ondoen iristea. Sailkatzeko aukera hor dago. Badakigu zaila izango dela; izan ere, talde guztiak erakutsi behar du maila handia. Baina, zergatik ezingo dugu lortu?

Denboraldi bikaina osatu duzu. Munduko Txapelketaren ostean, zer egingo duzu?

Munduko Txapelketa izango da urteko azken lehiaketa handia. Gerora baditugu beste hainbat txapelketa txikiago, baina horietan disfrutatzen saiatzen naiz gehienbat, presioa alde batera utzita. Negua urte sasoi atsegina izaten da surflariontzat, olatu handien sasoia izaten delako. Beraz, Perutik itzulitakoan, hemengo olatuekin disfrutatzeko asmoa dut. Azken finean, lehiaketetan epaileentzat atsegina den surf mota egiten dugu, eta denboralditik kanpokoa izaten da gure erara surfean gozatzeko bolada. Gainera, Psikologiako gradua ateratzen ari naiz unibertsitatean eta hainbat azterketa ere prestatu behar ditut urtarrilerako. Beraz, Munduko Surf Txapelketa amaitzen denean, lasai arituko naiz surfean eta ikasten, Euskal Herrian.

Gaurko ametsak biharko albiste izan daitezen, beharrezkoa dugu zure babesa.


Egin bazkide