Hainbat tabernak hartuko dute parte larunbat honetan ospatuko den Gau Beltzean. Zarauzko Turismoaren laguntzarekin, Zurekin Ostalarien Elkarteak ekimen berri hau jarri du martxan. Tabernen arteko lehiaketa bat izango da, eta negozioak Gau Beltzean murgilduko dira lokalak apainduta eta langileak mozorrotuta. Azaroaren 2tik 6ra bitartean jakingo da zein tabernak irabazi dituen 200 euroko Zurekin bonua eta diploma.
Ekimenaren parte izango dira Itsas-Lur, Gau-Txori, Arkupe Berri, La Perla, Txiki Polit, Mauka, Zazpi eta Marmol tabernak. "Gau Beltza gure ohitura da, eta Zarautz osoak bizitzea nahi dugu. Zarauztar guztiei egiten diegu gonbidapena festarekin bat egitera: kalera ateratzeko, mozorrotzeko eta parte hartzen duten tabernetatik pasatzeko" aldarrikapena azpimarratu dute elkarteko kideek.