Francisco Jose Vaquero: "Biktimek espazio segurua ginela sentitu zuten, eta ireki egin ziren"

Intza Trula

Francisco Jose Vaquero, bideo kamera eskuetan duela, grabaketa batean. (Utzitakoa)

Ladrones de fuego dokumentala emango dute bihar Modelon. Baso suteetan eta baztertutako lurretan oinarrituta dago lana. Biktimen testigantzek janzten dute istorioa.

Baso suteez eta baztertutako lurrez hitz egin du Francisco Jose Vaquero zuzendariak (Cabeza del Buey, Espainia, 1985) Landrones de fuego dokumentalean. Horretarako, suntsituak izan diren lurrak bisitatu ditu, eta ezbeharra lehen pertsonan bizi duten lagunen istorioak entzun ditu. Ikus-entzunezkoa Modelon emango dute bihar, 19:00etan, Arkamurkak antolatuta.

Dokumentalak Ladrones de fuego du izena. Zeri buruz ari da zehazki? Hau da, nork lapurtu digu sua?

Izenburua nahita jarrita dago, anbiguoa da, eta helburua da ikusleari pentsaraztea. Dokumentala ikusi aurretik, titulua irakurrita soilik, pertsona bakoitzak bere ondorioak aterako ditu. Pertsona bakoitzak bere erara interpretatuko ditu suaren lapurrak, eta filma ikusi ostean, batzuen hasierako ideia errotuko da, eta beste batzuena, aldiz, erabat aldatuko da. Suaren lapurrak asko izan daitezke: adibidez, suarekin negozioak egiten dituzten enpresak edo nekazariei eta abeltzainei sua kendu dietenak.

Dokumentalaren ideia 2025eko baso sute handien testuinguruan sortu zen. Baina, zehazki, zerk bultzatu zintuen ikus-entzunezko hori sortzera?

Iazko udan sute handiak gertatu ziren Espainian, eta ni garai hartan oporretan nengoen lagun batekin, Araban. Orduan, suteengatik kaltetuak izaten ari ziren herrietako jendearen deiak jasotzen hasi ginen; hala nola Leondik, Valentziatik, Zamoratik eta Lugotik deika hasi zitzaizkigun. Gertatzen ari zen ezbeharraz hitz egin nahi zuten guztiek, eta horietako askok bertara joateko eskatu ziguten. Une horretan lanez gainezka geundenez, proposamena jasoko genuela esan genien, eta aurrerago helduko geniola gaiari. Ordea, egoera guztiz aldatu zen etxera, Extremadurara, itzuli ginenean: sute handi batekin egin genuen topo, Caceresko Valle del Ambroz erretzen ari zen. Lur jota geratu ginen paraje eder horietan gertatzen ari zena ikusi ondoren, ez baita gauza bera jendeak sute bat izan dela kontatzea edo zure begiekin ikustea. Dena suntsituta ikusteak hausnartzera eraman gintuen, eta ohartu ginen dokumentalak ezin zuela egun bat gehiago ere itxaron. Istorio horiek entzun eta kontatu behar genituen, irudiak jaso behar genituen. Horrela heldu genion proiektuari, egun batetik bestera: suteak gertatu ziren lekuetara joan ginen, gidoirik gabe, eta hilabete eta erdian 60-70 pertsonaren testigantzak jaso genituen.

Eremu kaltetuetan grabatzen ari zinetela, albisteetan kontatzen ez ziren gauza asko aurkitu al zenituzten?

Kontua ez da telebistan beste gauza batzuk kontatzen zituztela, nola kontatzen zituzten baizik. Gauza askorekin egin genezakeen min, informazioari ikuspuntu sentsazionalista bat eman geniezaiokeen, baina horixe zen guk saihestu nahi genuena. Gurekin hitz egin zuten pertsonen istorioak eta denborak errespetatzen saiatu ginen lehen unetik. Guk jasotakoa eta telebistan ateratako informazioa ia bera zen, baina modu erabat ezberdinean landua. Uste dut biktimek sentitu zutela espazio seguru bat ginela, eta asko ireki ziren gurekin. Dokumentala ikusi ondoren, eskerrak eman zizkiguten pertsona horiek.

Baztertuta geratu diren lurrei dagokienez, nola eragiten du giza jardueraren galerak mendien egoeran eta sute arriskuan?

Gure ikuspuntutik eta kaltetutako herrietako jendearen ikuspuntutik, nekazaritzaren, abeltzaintzaren edo baso lanen bidez lurretik modu aktiboan bizi diren pertsonak dituen landa mundu bat izatetik, ez izatera igaro gara. Pertsonek hiri batera alde egitean utzi duten hutsune hori basoek inbaditu dute, kontrola erraz galtzen duen landarediak. Horrek eragiten du sute bat pizten denean askoz ere zailagoa izaten dela hura itzaltzea, eta kasu batzuetan, ia ezinezkoa. Herritar askok aitortu ziguten sute asko itzali zirela baldintza klimatologikoak aldatu zirelako, bestela ez litzatekeela horiek kontrolatzeko modurik izango. Horretaz gain, baztertuta geratu diren lur horietako askotan eolikoak, eguzki plakak edota industria handiak eraiki dituzte, jasangarriak direla esanez; eta askotan, ondorioak guztiz kontrakoak izan dira. Baso sute asko dorre fotovoltaikoek sortuak izan dira.

Eta, aldaketa klimatikoak nola eragiten du sute horietan?

Klima aldaketak eragiten du, noski; hau da, egoera klimatikoa ez da bera gaur egun edota duela hamabost urte. Landarediaz betetako baso batean sua pizten bada, egungo tenperaturen eta haizeteen ondorioz, sutea ez da baretuko, okerrera egingo du, ziurrenik. Dena den, klima aldaketa ez da sute gehiago piztearen erruduna: gure ustez, ezin diegu utzi basoei beren bidea jarrai dezaten, kontrolatu egin behar ditugu. Gizartean oso zabalduta dagoen ideia bat da natura bera bakarrik zaintzen dela, eta hori ez da egia. Urte luzez pertsonek zaindu dituzte lurrak, eta orain, baztertuta daude asko.

Beraz, prebentzioan lan gehiago egin behar al da?

Prebentzioari askoz ere arreta gehiago jarri behar diogu, inolako zalantzarik gabe. Hori bai, prebentzio horrek lurralde bakoitzera egokitutakoa izan behar du, esparru bakoitzak behar ezberdinak baititu. Leku bakoitzeko egoera era batekoa edo bestekoa da, eta emaitzak onak izateko, prebentzioa lurralde bakoitzerako espresuki pentsatuta egon behar da.

Zein izan da zuen helburua?

Alde batetik, herritarrek ikustea zer den baso sute handi bat. Kaltetutako jendearekiko enpatia badute, egoeraren larritasunaz jabetuko dira. Bigarrenik, erakutsi nahi izan dugu lurrak zaintzeko eta kudeatzeko moduak badaudela, betiere, ingurumenarekin adeitsuak izanda. Eta, azkenik, gertatutakoa jasota geratzea nahi genuen, datozen urteetan ez dadin ahanzturan gelditu pertsona horien sufrimendua.

Gaurko ametsak biharko albiste izan daitezen, beharrezkoa dugu zure babesa.


Egin bazkide