ZKE Halterofiliako hiru kirolari aritu dira lehiatzen Oviedon jokatu zen Espainiako 15 urtez azpiko Txapelketan. Estatu guztiko 93 kirolarien artean, maila bikaina erakutsi zuten hiru atleta zarauztarrek eta hainbat domina ere eskuratu zituzten. Jardunaldian parte hartzeko, urtean zehar egindako lehiaketetan gutxieneko emaitzak lortuta, Zarauzko pultsolariek lehen aldiz hartu zuten parte Espainiako Txapelketa ofizialean.
Nahia Mendizabal izan zen eguneko protagonista 41 kiloko kategorian. Erakustaldi borobila egin zuen eta guztira hiru urrezko domina lortu zituen: bat abiadan 41 kilo altxatuaz, bigarrena kargatze-altxatzean 50 kilorekin, eta azkenik 91 kiloko altxaldi total olinpikoarekin lortu zuen hirugarren urrezko domina. Honela, bere markak hobetzea lortu zuen eta Espainiako Txapelketa osoko emakumezkoen sailkapen orokorrean 7. postua eskuratu zuen.
Unax Diaz eta Haizea Iturzaeta izan ziren ZKE Halterofiliako beste parte hartzaileak eta erakustaldi bikaina osatu zuten bi kirolariek. Diaz 60 kiloko kategoria aritu zen lehiatzen eta ia brontzezko domina lortu zuen kargatze-altxatzean 75 kiloko ahalegina eginda. Epaileak baliogabetzat jo zuen altxamendu hau eta bakarkako kategorian dominarik ez zuen lortu kirolari zarauztarrak. Euskadiko selekzioarekin, berriz, 127 kiloko total olinpikoarekin hirugarren postua eskuratu zuten mutilen taldekako sailkapenean.
Haizea Iturzaetaren jardunaldia ere oso positiboa izan zen 69 kiloko kategorian. Abiadan 38 kiloko eta 42 kiloko altxatzeak lortu zituen, eta Kargatze-altxatzen 50 kiloko eta 54 kiloko altxatzeak balioztatu zituen. Modu honetan, guztira 96 kiloko total olinpikoa eskuratu zituen bere lehen estatuko txapelketan.