Yoanna Acedo omendu dute gaur eguerdian udaletxeko pleno aretoan, haren hilketaren urteurrena gogora ekarriz. Udaleko Berdintasun sailak antolatutako ekitaldia izan da, eta biktimaren senitartekoak eta lagunak, udal alderdietako ordezkariak eta hainbat herritar bertaratu dira. Garazi Etxaburu Aulestia dantzariaren koreografia pieza motz batekin eman diote hasiera omenaldiari, eta jarraian, Gloria Vazquez Berdintasun zinegotziak eta Inaxio Illarramendi bigarren alkateordeak hartu dute hitza.
Yoannaren oroimena bizirik mantentzeko eta familiari babesa adierazteko ekitaldia izan dela nabarmendu du Vazquezek, baita indarkeria matxista irmoki salatzeko ere. "Indarkeria matxista, Yoannaren erailketa bezala, ez da gertakari isolatu bat, ezta arazo pribatu bat ere. Egiturazko indarkeria da, emakume orok pairatzen duguna emakume izateagatik. Gizartean errotuta dago, eta desparekidetasunetik eta gizonek emakumeenganako duten menpekotasun harremanetatik sortzen da", adierazi du.
Indarkeria matxista "guztion ardura" dela gaineratu du, eta errekonozitzen ikasi beharra dagoela: "Bestaldera begiratu beharrean, ekin egin behar da". Bide horretan, gizonen konpromisoa eskatu du, haien jarrerak zalantzak jartzeko eta isilik ez geratzeko gainerakoen aurrean. Illarramendik ere ildo beretik jo du bere hitzartzea: "Ezin dugu pentsatu berdintasunaren aldeko borroka emakumeen ardura bakarrik denik".
Era berean, argi utzi nahi izan zuen gauko omenaldia ez zuketela egin beharko, erailketa hark ez zukeelako inoiz gertatu behar. "Urtebete da zuen bizitzak betiko aldatu zirenetik. Badakit gure hitzek ez dutela zuen mina arinduko, ezta utzi duen hutsunea beteko ere. Baina gaur hemen egon nahi dugu zuekin, bere izena eta oroimena bizirik mantentzeko", adierazi du.
Jarraian, Yoannaren lagun min bat zen Mariano Alonsok hartu du mikrofonoa, eta hari zuzendutako gutun sentitua irakurri du: elkarrekin egiten zituzten gauzak, nolakoa zen, zituen ametsak eta abar kontatu ditu. Irakurketaren amaieran justizia eskatu du, eta udalari hiltzailea persona non grata izendatzeko herrian.
Amaieran, erabat hunkituta eta Gloria Vazquezen laguntzarekin, biktimaren ama Merche Unanue zuzendu zatzaio bertaratu diren guztiei. Bihotza minez duela, baina jasotzen ari den babes eta laguntza guztiearekin eskertuta dagoela azaldu du. "Duela urtebete nire alaba kendu zidaten, eta egun horretatik nire bizitza eta bere anaiena betiko aldatu zen", nabarmendu du saminez. "Zarautzek bere zoriontasunaren oroitzapena gordetzen du, baina baita nire baita eramango duda zauri bat ere", gehitu du.
Yoanna gogora ekartzeko egitasmoa izan da gaurkoa, eta horri balioa eman dio haren amak: nolakoa zen, bere ametsak zeintzuk ziren, bere ilusioak eta zenbat maite zuen Zarautz. "Inork ez nire alaba itzularaziko ez didan arren, indarrak ditudan bitartean, bere izena ez da ahaztuko, eta beragatik borrokan jarraituko dut". Borobiltzeko, justizia egin beharra dagoela nabarmendu zuen, eta, zentzu horretan, konfiantza jarrita dutela haien abokatuetan.
Ekitaldia amaitzeko, Garazi Etxaburu Aulestiak beste pieza intimo bat dantzatu du bertaratu diren guztien aurrean.