EH Bilduk dio kiroldegiko estalpeak ezin duela "gehiago itxaron"

Intza Trula

Aritzbatalde kiroldegia. (Artxibokoa)

"Azken egunetako euriteek agerian utzi dute berriro kiroldegiak urte luzez arrastaka daraman arazoa", salatu du koalizio subiranistak. Horrela, udal gobernuari eskatu dio "gardentasunez" azal dezala zein den obraren egungo egoera, zein diren aurreikusitako epeak eta noiz iritsiko den arazoaren "behin betiko konponbidea".

"Azken egunetako euriteek berriro agerian utzi dute kiroldegiak urte luzez arrastaka daraman arazoa", salatu du Zarauzko EH Bilduk. Itoginek bigarren solairuko hainbat espazioren erabilera baldintzatu dutela salatu du koalizio subiranistak, "eta erabiltzaileek berriz ere instalazioaren gabezien ondorioak pairatu behar izan dituzte: zenbait gunetan baldeak jarri behar izan dira sabaitik erortzen den ura jasotzeko, jarduera batzuk beste espazio batzuetara eraman behar izan dira eta beste batzuk, zuzenean, bertan behera geratu dira".

Zarauztarrak instalazioaren egoerarekin "kezkatuta" daudela dio EH Bilduk, "eta ez da harritzekoa". EH Bilduren iritziz, gertatzen ari dena "ez da ezustekoa". Haren hitzetan, "estalkiaren arazoak eta itoginak aspalditik ezagunak dira, eta euria egiten duen bakoitzean errepikatzen dira. Horregatik egiten da are ulergaitzagoa gaur egun behin betiko konponbidea ekarriko duten obrak egiteko enpresa aukeratzeko prozesua oraindik hasi gabe egotea".

Dena den, koalizioak espero du azken asteotan egindako esku hartze puntualek "egoera zertxobait hobetuko" dutela, baina azpimarratu du neurri horiek ez dutela "arazoaren oinarria konpontzen". Koalizioaren ustez "normala" da "herritarrek galdetzea zergatik dagoen oraindik konpondu gabe urteetako arazo bat".

Ondorengoa gehitu du EH Bilduk: "Hor dago eztabaidaren muina. Kiroldegia ez da edozein instalazio: ehunka zarauztarrek erabiltzen dute egunero, eta udalaren kirol azpiegitura nagusietako bat da". Hori dela eta, EH Bilduri "zaila" egiten zaio ulertzea "zergatik ez zaion lehenago heldu arazoari eta zergatik ez dion EAJk eta PSE-EEk osatutako udal gobernuak behar zuen lehentasuna eman".

Era horretan, koalizioak udal gobernuari eskatu dio "gardentasunez" azal dezala zein den obraren egungo egoera, zein diren aurreikusitako epeak eta noiz iritsiko den arazo honen "behin betiko konponbidea". EH Bilduk garbi esan du arazoa ez dela "euriaren ondorio hutsa, baizik eta urteetan ezagunak diren gabeziei garaiz ez heldu izana".

Gaurko ametsak biharko albiste izan daitezen, beharrezkoa dugu zure babesa.


Egin bazkide