Iaz, 30 urte bete zituela eta, berrargitaratu egin zenuten Erantzun. Orain, disko hori ardatz hartuta, biratxo batean murgildu zarete. Batak bestea ekarri al du?
Elkar argitaletxeak du egun Esan Ozenkiren katalogo osoa, eta, berez, Anestesiaren disko guztiak atera nahi zituen biniloan. Guk ez genuen egoki ikusten guztiak aldi berean kaleratzea. Nahiago genuen disko bakoitza ongi zaintzea eta banaka argitaratzea, aurrez Gorrotoaren ahotsa-rekin egin genuen bezala. Beraz, Erantzun-en 30. urteurrena zela eta, egokiena horrekin abiatzea zela ikusi genuen.
Gorrotoaren ahotsa gure lehen lan luzea izan zen, eta disko berezia izan zen gure ibilbidean. Izan ere, estreinakoz thrashcore estiloa euskaraz egin genuen, eta jende askorengan arrastoa utzi zuen. Hala ere, nik kariño berezia diot Erantzun bigarren diskoari. Nire ustez, hor garatu genuen gure estiloa: inork nahasten ez zituen osagaiak nahastu genituen, alegia, oso hardcore bortitza, baina thrash metalarekin eta erritmo astunekin uztartuta, baita 90eko hamarkadako hip-hop erritmoak metalarekin nahastuta ere. Eragin horietatik edanda, gure koktel pertsonala sortu genuen. Beraz, Erantzun biniloan berrargitaratzea erabaki genuen, diseinua apur bat moldatuta eta berriz masterizatuta. Eta gero, bira bat egitea pentsatu genuen. Baina, jakina, horrek ere bere denbora eskatzen du.
Horregatik luzatu da, horrenbestez?
Diskoan abesti asko daude neuk urteetan jo ez ditudanak, eta egungo taldekideek inoiz jo gabekoak. Askotan, abesti zaharrak berreskuratzen dituzunean, ez dakizu nola egokituko zaren horiek jotzera edo eroso egongo al zaren. Hiru hamarkada geroago, norbere jotzeko modua ere aldatu egiten da; abesti haiek, akaso, beste nerbio bat zeukaten, gaztarokoa, agian, gaur egun nekezago zaiguna. Beraz, biraren prestaketa lasaitasunez hartzea erabaki genuen. Horrez gain, aretoak urtebeteko aurrerapenez hitzartu behar dira, agendak oso lotuta dituztelako. Nolanahi ere, 30. urteurreneko ospakizunen barruan sartzen da bira.
Eta Erantzun-en birak erantzun ona izan du, ezta?
Bai, zaleak ongi erantzuten ari dira. Bilboko Kafe Antzokian eta Azpeitiko Sanagustinen sarrera guztiak agortu dira, Gasteizko Jimmy Jazz-erako oso gutxi geratzen dira, eta Biarritzeko [Lapurdi] Atabalerako eta Atarrabiako [Nafarroa] Totem-erako oraindik geratzen dira. Duela bi urte aretoetan egin genuen birako erantzuna are ikaragarriagoa izan zen, baina ulertzekoa zen. Denbora dezente generaman zuzenekorik eman gabe, eta gure azken bira izango ote zen zurrumurrua ere zabaldu zen.
Diskoa bera duzue ardatz emanaldietan ala zuen betiko kantak ere jotzen dituzue?
Hasteko, Erantzun diskoa goitik behera jotzen dugu, osorik, ordena errespetatuz. Ondoren, bigarren zati bat dauka zuzenekoak, eta hor jada beste abesti batzuk jotzen ditugu, ezinbestekoak diren horiek. Egia esan, nahiko errepertorio luzea geratu zaigu, inoizko kontzertu luzeena. Diskoa omentzen ari garenez, gustuko dugu horrela izatea.
Zaleek nola erreakzionatu dute kontzertu egitura horren aurrean?
Oraingoz bakarra egin dugu, Bilbokoa, eta jendea gustura antzeman genuen, baina auskalo entzuleetatik zenbatek jakingo zituzten diskoko abestiak oso ongi. Egia da nabaritzen genuela abesti batzuetan jendea gehiago geratzen zela begira, zuzenekoetan inoiz entzun ez dituelako. Izan ere, urte asko daramatzagu kontzertuetan horiek jo gabe eta gutxi dira egungo errepertorioan mantentzen ditugunak. Hala ere, zuzenekoari eman dioten freskostasunarekin oso gustura gaude.
Kontzertu bakarra oraingoz, eta berezia, zuen ohiko abeslaririk gabe. Haren faltan, hiru kolaboratzaile ahotsetan.
Ibon gure abeslariari ebakuntza bat egin behar ziotela jakin genuen lehen emanaldia baino lau egun lehenago. Atzeratzea ezinezkoa zenez, alternatibak pentsatzen hasi ginen, eta lagun ditugun abeslari batzuk gonbidatzea pentsatu genuen. Batzuri galdetu genien, eta hiruk ahal zutela erantzun ziguten: Cobra taldeko Haritz Lete, Biok taldeko Ibon Negreira eta Hilkar taldeko Ñun. Uste dut, gainera, egokienak zirela, eta hirurak prest agertu ziren, hirurak Anestesiaren jarraitzaileak eta Erantzun diskoa entzundakoak direlako. Bakoitzari ondoen zetorzkien abestiak egokitu genizkien, eta asmatu genuen, baina hori bai, egundoko lana egin zuten oso egun gutxitan. Zalantzarik gabe, zaleek asko eskertu ziguten kontzertua bertan behera ez uztea, eta kontzertu berezia izan zelako ere bai. Espero dezagun bakarra izatea.
Bira amaitutakoan atseden mugagabea hartuko duzue. Indarberritzeko, material berria sortzeko, beste proiektu batzuei heltzeko... Zertarako?
Anestesiak ez du inoiz planifikatu epe luzera. Beti jakin izan dugu zer egingo genuen bospasei hilabeteko tartean, eta gure funtzionatzeko era horrela izan da. Bi urtez egoten ginen zuzenekoak jotzen, eta gero atsedenaldia hartzen genuen, ez zaigulako ez zirkuitua erretzea, ezta jotzeagatik aritzea ere gustatzen. Eta hau arnasa hartzeko tarte horietako beste bat izango da. Momentuz, ez dakigu zer egingo dugun... Material berria aterako balitz, ondo egongo litzateke, baina gero eta gehiago kostatzen zaigu abesti berriak sortzea. Bestalde, nik badaukat proiektu pertsonal bat, 2017an hasi nuena. Anestesiarentzat ikusten ez nituen abesti batzuk sortzen hasi nintzen, beste estilo batekoak: erritmo astunagoak eta geldoagoak, baina melodikoagoak. Zirriborro asko sortu ostean, horietatik sei aukeratu ditut azkenean, eta orain horiek grabatzen ari naiz, lasai antzera.
Kantu ezberdin hauek gaixotzen hasi nintzen garaian hasi nintzen sortzen, eztarriko minbiziaren lehen molestiekin hasi nintzenean. Bitxia da, gerora ikusita, bi prozesuak momentu berean sortu zirela ohartzea. Nire bizitzaren garairik ilunenak izan ziren, eta konturatu naiz, bi gauzak aldi berean etorri zirenez, zentzua izango lukeela nire bizitzako etapa horri eskaintzea disko hori. Letrak ere horri buruz idatzi ditut, oso egoera mingarri eta sakon batetik ateratakoak baitira. Guztia lotu dut kontzeptu gisa eta katarsi bat bezala izango da, aro hori ixteko, urte beltz horiek modu artistikoan islatzeko.