Nazioarteko abesbatza entzutetsuenek Tolosako (Gipuzkoa) 57. Abesbatza Lehiaketan izango dute zita datorren astean, urriaren 29tik azaroaren 1era. Munduko jaialdi beteranoetako bat izateaz gain, Europako sariketa nagusienetako bat ere bada Tolosakoa, Arezzo (Italia), Debrecen (Hungaria), Maribor (Eslovenia) eta Varnakoekin (Bulgaria) batera. Edonola ere, sariketan parte hartzen duten abesbatzak ez dira lehiara mugatzen, eta Gipuzkoako hainbat herritan egonaldiak egiteaz gain, emanaldiak eskaintzen dituzte. Egitasmo horren harira, Nazioarteko Ahotsak zikloa antolatu ohi du Zarautz Abesbatzak, Tolosako Ekinbide Etxearekin elkarlanean eta Zarauzko Udaleko Kultura sailak lagunduta, eta aurten ere egitarau dotorea prestatu dute.
Datorren astelehenean hasi eta larunbata bitartean, "lau talde bikain" ariko dira herrian, Zarautz Abesbatzako lehendakari Josebe Kerejetak nabarmendu duenez: urriaren 26an, Letoniako Juventus abesbatza; urriaren 27an, Bulgariako Irrati Nazionaleko haur abesbatza; urriaren 29an, Esloveniako Ljubljanako Unibertsitateko Tone Tomsic abesbatza akademikoa; eta urriaren 31n, Granadako (Espainia) Pequeñas Voces de la Alhambra abesbatza. Tolosatik egokitzen dizkieten abesbatzekin antolatzen dituzte kontzertuak, eta askotan etortzen diren taldeak aurretiaz ezagutu ez arren, jakin badakite maila handiko saioak eskainiko dituztela. "Europan zehar lehen sari ugari, urrezko dominak eta sari bereziak lortu dituzte Zarautzen ariko diren taldeek", jakitera eman du Juanan Urdangarin Zarautz Abesbatzako kideak.
Nazioarteko Ahotsak ziklokoko kontzertu guztiak Frantziskotarren elizan izango dira, 20:30ean hasita. Sarrerak kontzertua hasi baino lehen jarriko dituzte salgai eliz atarian, 5 eurotan –Zarautz Abesbatzaren lagunentzat, 3 eurotan–. Sarrerekin lortzen duen dirua egitasmoaren gastuak ordaintzera bideratuko du Zarautz abesbatzak.
Gainera, musika zikloan parte hartuko duten lau abesbatzetatik hiruk eta nazioarteko beste hainbat abesbatzak Zarautzen hartuko dute ostatu Tolosako lehiaketak iraun bitartean. Bitarte horretan, Zarautz Abesbatza arduratuko da haien beharrei erantzuteaz, udalaren eta Imanol Urbieta udal musika eskolaren laguntzarekin; izan ere, Villa Mundako, musika eskolako eta Santa Klarako espazioak utziko dizkiete entseguak egiteko.
Zarautz Abesbatzako kideek adierazi dutenez, nazioarteko abesbatzetako kideen presentzea nabaria izan ohi da herrian: "Kalera ateratzen dira, eta edozein txokotan aritzen dira kantari. Egia esan, giro benetan ederra sortzen dute".
Entsegu gisan
Nazioarteko Ahotsak egitasmoko kontzertua Tolosako lehiaketarako entsegu orokor gisa ere baliatzen dute maiz abesbatzek. Sariketan abestu behar dituzten abestien artean, euskarazko piezaren bat edo beste izaten dute urtero, eta Zarautz Abesbatzako kideei aholkuak eskatu izan dizkiete, baita Frantziskotarren elizan abestu ondoren haien iritzia eskatu ere. Aurten, Granadako abesbatza izan ezik, gainerako talde guztiak Tolosako Leidor antzokitik igaro aurretik ariko dira Zarautzen; Granadakoa urriaren 31ko eguerdian lehiatuko da, eta arratsaldean eskainiko du kontzertua Zarautzen.
Irune Urbieta Kultura zinegotziak azaldu zuen Zarauzko Udalak gogoz jasotzen duela Nazioarteko Ahotsak egitasmoa: "Honi esker, urtero munduko hainbat tokitatik etorritako abesbatzen emanaldiez gozatzeko parada izan ohi dugu herrian. Beste urte batez, Tolosako lehiaketan aurkeztuko diren taldeek Zarautz ere kantuz eta musikaz beteko dute, eta, gainera, goi mailako emanaldiak eskainiko dituzte". Udalaren izenean eskerrak eman zizkion Kultura zinegotziak Zarautz Abesbatzari, eta aurrerantzean ere udalak elkarteak antolatzen dituen ekintzak laguntzen jarraituko duela berretsi zuen.