Bihar zabalduko dute Astiko biribilguneko azpi pasabidea

Intza Trula

Bihar zabalduko duten Astiko biribilguneko azpi pasabidea. (Zarauzko Udala)

Udaberritik darama itxita pasabideak, baina bihartik aurrera erabilgarri egongo da, berrikuntza lanak eginda. Mugikortasun zinegotzi Iker Basurkoren hitzetan, "garrantzitsua" da pasabide hori: "Jende askok erabiltzen du entrenatzera edo paseatzera joateko".

Zarauzko Udalak jakitera eman duenez, hainbat hilabetez obretan egon den Astiko biribilguneko azpi pasabidea irekiko dute bihar. Hain justu, udaberrian itxi zuten bidea, eta denbora honetan hobekuntzak egin dituzte bertan. Gipuzkoako Foru Aldundia Zarauzko saihesbide berria eraikitzeko egiten ari den lanen barruko lanak izan dira.

Mugikortasun zinegotzi Iker Basurkok dio "garrantzitsua" dela pasabide hori: "Jende askok erabiltzen du bidea entrenatzera edo paseatzera joateko".  Haren hitzetan, "apurka-apurka Zarauzko proiektu garrantzitsu honen aurrerapenak ikusten ari gara, laster errealitate bihurtuko da, eta abantaila guztiak izango ditu, bai zirkulazioaren ikuspegitik, bai herritar askoren bizi-kalitatearen ikuspegitik".

Gaurko ametsak biharko albiste izan daitezen, beharrezkoa dugu zure babesa.


Egin bazkide