Beste urte batez, Gurutxurtu aisialdi taldearen ekimenez, Gau Beltza ospatuko dute urriaren 31ean. Aurtengo ekintza burutzeko, Villa Munda eraikina aukeratu dute antolatzaileek eta 21:30ean hasiko da ekintza. Zarauzko hilerrian lapurreta izenpean, 10 minutuko ibilbidea egingo dute parte hartzaileek eraikineko geletatik barrena.
Errealitatean oinarrituko istorioetan jarri dute fokoa aurtengo ibilbidean, izan ere, misterioz betetako toki bat da Villa Munda. Pedro Gonzalez Velasco medikuak agindu zuen etxea eraikitzea XIX. mendean, baina horren aurretik, Zarauzko hilerria zegoen bertan. Bertan gertatutako lapurreta bat izango da istorioaren abiapuntua, eta horrez gain, eraikinean gertatutako hileta baten inguruko kontuak ere izango dira Gau Beltzaren ardatzean.
Bidea Villa Mundako barneko geletan izateaz gain, kanpoaldean ere izango da ibilbidearen zati bat. Taldeak bost minutuko aldearekin aterako dira eta guztira hamar minutuko ibilbidea izango da. 21:30ean hasita, 00:30ak bitarte izango da haurren txanda, helduena, berriz, haurrena bukatu orduko hasiko da eta 02:30ean amaituko da. Antolatzaileen hitzetan, iazko jende kopurua berdintzea espero da, guztira 600 pertsona inguruk parte hartu zuten pasa den urtean.
Hamar laguneko taldeak osatu behar dira Gau Beltzean parte hartzeko, eta zozketaz aukeratuko dira parte hartuko duten taldeak, urriaren 24ean. Izena emateko, hainbat txanda egingo dira larunbatean zehar. LH5 eta LH6ko haurrek parte hartzeko, 17:00etan eman behar dute izena Musika plazan. DBH 1 eta DBH2ko nerabeek, berriz, 18:00etan izango dute parte hartzeko aukera toki berdinean. Azkenik, DBH3 tik gorako parte hartzaileek, helduak barne, galdetegian eman dezakete izena.
Hamar kideko taldeak ez badira osatzen, egunean bertan moldaketak egingo direla azpimarratu dute antolatzaileek. Parte hartzearen inguruan informazio gehiago eskuratzeko, Gurutxurturen difusio taldean sartu daiteke