Miren Agur Meabek hitzaldia emango du gaur Photomuseumen

Intza Trula

Miren Agur Meabe idazle eta itzultzailea. (Kulturaz)

Maite Saavedraren Terra argazki bildumari lotutako hitzaldia emango du Meabe idazle eta itzultzaileak. 18:00etan hasiko da saioa, eta sarrera doakoa izango da.

Miren Agur Meabe izango da gaurko Photomuseumeko gonbidatua. Hitzaldia eskainiko du euskal idazle eta itzultzaileak, 18:00etan hasita, eta sarrera doan izango da. Hain justu, Maite Saavedrak irailaren amaieran Photomuseumen zabaldutako Terra aldi baterako argazki erakusketaren harira eskainiko du hitzaldia.

Miren Agur Meabe lekeitiarrak helduentzat nahiz haur eta gazteentzat idazten du, bai prosa eta baita poesia ere. Bere ibilbidean zehar hainbat sari jaso ditu: esaterako, Kritikaren saria jaso zuen 2001ean eta 2011n, Azalaren kodea eta Bitsa eskuetan poema liburuengatik, hurrenez hurren. Gainera, Espainiako Poesia Sari Nazionala eman zioten 2021ean, Nola gorde errautsa kolkoan liburuagatik.

Gazte literaturan egindako lanengatik hiru aldiz jaso du Euskadi saria: Itsaslabarreko etxea (2002), Urtebete itsasargian (2006) eta Errepidea (2011) gazte-nobelei esker. Halaber, 2020ko Mikel Zarate saria ere jaso zuen, Itsasoaren Atea nobelarekin. Gainera, euskaltzain oso izendatu zuten 2022an.

Gaurko ametsak biharko albiste izan daitezen, beharrezkoa dugu zure babesa.


Egin bazkide