Geologia da aurten Arkamurka natur taldeak antolatu duen Natura Asteko ardatzetako bat.
Bai, esan daiteke aurten pisu gehiago ematen ari garela geologiari. Urtero egiten dugun erakusketaren atal bat geologiari buruzkoa izango da, eta pentsatu nuen lotura bat egitea zegoela erakusketarekin, hitzaldien bidez. Azken urteetan, gehienez panelen bat paratu izan dugu geologiaz erakusketan, eta aurten, Andoni Ruiz taldekideak sekulako lana egin du: hiru panel egin ditu, bat Zarauzko geologiari buruzkoa, bestea iknofosilei buruzkoa, eta hirugarrena arroken sailkapenei buruzkoa. Gainera, laginak egongo dira erakusketan, herritarrek bertatik bertara ikusi eta eskuetan har ditzaten.
Zarauzko ondare geologikoa deitzen da zure hitzaldia. Zer kontatuko duzu?
Zarauzko inguruneaz herritarrei beste ikuspuntu bat ematen saiatuko naiz. Uste dut edozein herritarrentzat interesgarria dela ulertzea zergatik Talaimendi dagoen dagoen tokian, edo zergatik Zarautz bera dagoen kokatuta dagoen tokian. Norbera bizi den tokiaren historia da, norbere herriko paisaia nola sortu zen kontatzen duena. Erakusketa, alde horretatik, oso polita izango dela uste dut, Zarauzko mapa bat egongo delako eta hor egongo direlako kokatuta erakusketarako hartu diren arroken laginak; nondik hartu diren ikusi ahal izango da.
Nola egituratu duzu saioa?
Iaz txangoa egin genuen herrian, geologiaz hitz egiteko. Irteera haren harira eta erakusketan ikusiko dena elkartuta, nire asmoa da Zarauzko geologia historikoa azaltzea; hau da, Zarauzko inguruan agertzen diren materialak eta arrokak zer diren eta nola sortu ziren azalduko dut aurrena, azaletik; eta azken atalean, adibide batzuk erakutsiko ditut, jendeak jakiteko Zarauzko eraikin batzuetan ikus daitezkeen arrokak nondik etorri diren, zer arroka mota diren, nola higatu diren denborarekin, zer ezaugarri dituzten eta abar.
Zumaian flyscha dago, eta Azkoiti-Azpeiti aldera jota, jakina da Izarraitz punta ur azpian egon zela... Zarautz bere inguruko tokien antzekoa da geologikoki ala badu berezitasunik?
Gertu dauden tokiak aipatu dituzu, eta zentzu horretan, antzekoa bada, baina baditu desberdintasunak. Izarraitzekin alderatzen badugu, hango materialak arrezifeak dira, karbonatozko arroka trinkoak direlako. Zarautzen agertzen direnak, berriz, beste material mota batzuk dira, finagoak; itsas azpian sortutakoak dira haiek ere, baina kontinentetik etorritako material asko daukate. Beraz, hau ere itsas azpikoa izandako ingurunea da, baina beste era batekoa, ez hain arrezifala. Pagoeta bada arrezifala, adibidez, baina herrigunean kontinentetik etorritako material gehiago dago, nahiz eta itsas azpiko kareharriak eta badauden. Zarautz diapiro baten gainean kokatuta dagoela ere azalduko dut.
Zer da diapiroa?
Dentsitate txikiko materialek beren gainean dituzten arrokak apurtzea lortzen dutenean, material horiek gorantz egiten dute, arrokak apurtuz, txanpiñoi baten gisan, eta horri deitzen zaio diapiroa. Zarauzko material zaharrenak, igeltsua eta buztina, hala aurki daitezke.
Herritarrek badakite nolakoa den beren herria geologikoki?
Ez dakit. Pentsatzen dut jakingo dutela badaudela igeltsua eta buztina, baita Zarautzen zulo bat egiten denean hondarra ateratzen dela ere, baina agian historia ez dakite, hau da, arroka horiek nola sortu ziren eta herriak denboran zehar zer bilakaera izan duen gaur egun daukagun paisaiara arte.
Zer bilakaera izan duen badakizue, baina hemendik milaka edo milioika urtera norantz egingo duen?
Aurreikuspen bat egin dezakegu. Izan ere, geologia historikoaren indarra da beti atzeraka begiratzen dutela ikertzaileek, ikusten dutela zer dinamika egon den eta aurreikus dezaketela etorkizunean zer gerta daitekeen. Orain, klima aldaketarekin, ikusten ari gara aldagai batzuk nola ari diren aldatzen, eta begiratzen baditugu antzinako arrokak eta arroka horietan ikusten badugu gutxi gorabehera baldintza beretan sortu zirela, arroka horiek aztertuta garai haietan zer gertatzen zen jakin dezakegu, zer inguru mota eta zer baldintza zeuden. Esaten denean ez dakit zenbat denboran uraren tenperatura hainbeste igotzen bada, ur maila X igoko dela, eta horrek esan nahi duela kostako itxura ez dakit nola aldatuko dela, hori da azterketa geologikoa egin delako, antzinako datuekin.
Euskal kostaldeaz egin izan dira halako aurreikuspenak. Zer esango zenuke zeuk horiei buruz?
Esango nuke Zarautzen nahiko koadro txarra dugula. Gauzek horrela segituz gero, Zarautz izango da Euskal Herriko kostaldean hondartza azkarren galduko duen herria. Buruz ari naiz, baina 2050erako hondartzaren metro asko jango lituzke itsasoak. Bestalde, beti itsasertzaz hitz egiten dugu, eta normala da, itsasora begira bizi den herria delako Zarautz, eta oraintxe bertan malekoian egiten ari diren lanak inpaktu handia sortzen ari direla uste dut herritarrengan; baina itsasoaren mailaren igoerak ez ditu soilik kostako lehen lerroan eragiten aldaketak, arazo edo aldaketa globala da.